Gipuzkoako era guztietako erakundeei zuzendua; horietako 24ri aholkularitza emango zaie, ikaskuntza sendotzeko.
Testua: Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa.
Trantsizio ekologikoari eta ekonomia zirkularrari buruzko ikastaroaren helburua da parte-hartzaileak gaitzea trantsizio ekologikoak eta ekonomia zirkularrak beren erakundeei eskaintzen dizkien aukerak detektatzeko. Saio batzuk online izango dira eta besteak aurrez aurre (Galarretako eta Arrasateko campusetan) otsailaren 15etik aurrera eta 2023ko irailera arte iraungo du.
Mota guztietako erakunde eta pertsonei zuzendua
Ikastaroa prestakuntza jaso eta ekonomia zirkularra zer den bertatik bertara ezagutu nahi duen Gipuzkoako edozein erakunderi zuzenduta dago. Eta, jakina, parte-hartzaileek beren erakundeetan ekonomia zirkularreko estrategiak balioestea eta integratzea nahi du. Profilari dagokionez, ikastaroa lurraldeko pertsona, erakunde eta administrazio ugariri zuzenduta dago, eta interesgarria izan daiteke Gipuzkoako edozein udalentzat, hortz-klinika batentzat edo industria-enpresentzat ere. Horrelako formazioen bidez, erronka da Gipuzkoa ekonomia zirkularrean erreferente bihurtzea Europa mailan.
Ikastaroaren egitura
Erakundeek beren prestakuntza-mapa modu pertsonalizatuan diseina dezaten egituratuta dago ikastaroa. Lehen online saioek enpresek trantsizio ekologikoaren eta ekonomia zirkularraren aukerak detektatzeko balioko dute. Lehen zati honetan, trantsizio ekologikoak eta ekonomia zirkularrak eskaintzen dituzten aukeren inguruan Gipuzkoako erakundeak sentsibilizatzen saiatuko dira. Hurrengo moduluak espezifikoagoak dira. Modulu batean ebaluatuko da parte hartzen duten erakundeetako ekonomia zirkularraren ezarpen-maila, eta, non dauden jakin ondoren, bakoitzak erabakiko du ikastaroan zein ibilbide jarraitu. Beste formazio-talde bat negozio zirkularreko ereduekin lotuta dago, eta beste bat ekonomia zirkularrerako produktuekin berritzearekin. Amaierako modulu bat dago, parte hartzen duten enpresetako 24k beren prestakuntza sendotu dezaten, ikastaroan ikasitakoari buruzko laguntza eta aholkularitza jasoko dute.
Nahitaezko eta hautazko saioak egongo dira, parte-hartzaile edo erakunde bakoitzaren interesaren arabera hautatu ahal izateko.
Zeintzuk dira ekonomia zirkularrak eskaintzen dituen onurak?
Ekonomia zirkularrak hainbat eta hainbat onura eskaintzen dizkie erakundeei, baina, batez ere, enpresen irabaziak nabarmendu behar dira, baliabideak optimizatzeko aukera ematen baitu, lehiakorragoak izateko. Gainera, klima-aldaketaren ondorioak arintzen laguntzen du. Egia da ekonomia zirkularrari lotutako neurriak aplikatzeko beharrezkoa dela erakundeetan kultura-aldaketa bat egitea. Ekonomia zirkularrak sareak edo kateak sortzea bultzatzen du, garapen iraunkorreko erronkak lortu ahal izateko.
Laburbilduz, ekonomia zirkularraren lau erronka estrategikoak hauek dira: baliabide natural birsortzaileen erabilera bultzatzea, baliabideen erabilera optimizatzea, produktuen bizitza baliagarria luzatzea eta zikloak ixtea. Lau erronken garapenetik sortzen dira erakundeentzako onura nagusiak.
Mondragon Unibertsitateko irakasleak
Ikastaroan lehen mailako irakasle eta hizlariak izango dira, gehienak trantsizio ekologikoan eta ekonomia zirkularrean espezializatutako Mondragon Unibertsitateko irakasle, ikertzaile eta doktoreak. Gainera, Aclimako (Basque Environment Cluster) eta MLC ITS Euskadiko (Mugikortasun eta Logistika Klusterra) irakasleak izango ditu. Guztira, 12 irakasle arituko dira.
Gipuzkoako eredu zirkularra
Gipuzkoako Foru Aldundiak trantsizio ekologikoa eta ekonomia zirkularra sustatzera bideratzen dituen dirulaguntza deialdien barruan babestu da proiektu hau. Guztira, horietara 1,6 milioi eurotik gora bideratu ziren iaz, 30 proiektu baino gehiago bultzatuz.
Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak aditzera eman duenez, enpresei eta eragileei “eredu zirkular” bat ezartzen lagunduko dieten baliabideak eskaini nahi dizkie Aldundiak, “elkarlanetik abiatuta”: “Ez bakarrik teknologia eta metodologiaren ikuspegitik, baita talentuaren, gaitasunen eta formakuntzaren ikuspegitik ere. Horregatik dira hain garrantzitsuak hau bezalako proiektuak, eraldaketa hau arrakastaz gauzatzeko gakoa pertsonak direlako”.
Haren esanetan, “ekonomia zirkularrak garapen-aukera berriak sortzeko ahalmen izugarria du, hazkundea eta iraunkortasuna uztartuz. Negozio eta enplegu aukera berriei atea irekitzen die, emisioak eta baliabide naturalen kontsumoa minimizatzen ditu, eta hondakinen sorrera murriztu. Gure ongizatea bermatuko duen ekonomia indartsu bat eraikitzeko zutabeetako bat izan behar du”.
Informazio gehiago: Circular Training – Circular Training (mondragon.edu)
Ikastaroko arduradunak:
- Dani Justel djustel@mondragon.edu / 660 29 96 88
- Idoia Urain iurain@mondragon.edu / 695 71 78 98