MUk Europan bakarra den erdi-tentsioko laborategia inauguratu du

0
486

Testua: Mondragon Unibertsitatea.

Mondragon Unibertsitateak erdi-tentsioko laborategi berria inauguratu du gaur. Instalazioek 700 m2-ko azalera dute, eta Europan bakarrak izango dira energia eolikoaren sektorearen eraldaketan eta hobekuntzan. Mondragon Unibertsitateak eta Siemens Gamesa, Infineon eta SGB-SIMT enpresek sustatutako Europako proiektuaren barruan jarri dira abian instalazio berriak. Programa horrek, FASTAP izenekoak, turbinen ahalmen elektrikoak optimizatzea du helburu, eta horretarako erabiliko diren teknologiek % 5 ere handiko dute urteko energia-ekoizpena, % 5,5 murriztuko dute energia eolikoaren palanka-efekturen kostua eta gutxitu egingo dituzte CO2 isurpenak. Instalatutako ekipamendu berriekin (Unibertsitateak 2006az geroztik zuen erdi-tentsioko ekipamendua), Mondragon Unibertsitateko laborategiak handitu egingo du bere ahalmena eta erreferente bilakatuko da Europan. Europar Batasunak batera finantzatutako proiektua da, eta 2 milioi euroko inbertsioa jaso du ikerkuntzako eta berrikuntzako Horizon 2020 programaren barruan.

Horretarako, sektorean liderrak diren lau erakundek partzuergo bat sortu dute. Erakundeok energia eolikoan erreferentziazkoak diren herrialdeetan dihardute: Danimarkan, Espainian eta Alemanian, hain zuzen. Siemens Gamesa da proiektuaren koordinatzaile nagusia eta FASTAP produktuaren integratzaile eta balidatzailea. Infineon enpresak, berriz, errendimendu handiko erdieroale bipolarrak diseinatu eta fabrikatzen ditu, eta ezagutza teknikoak eta erabilitako erdieroaleen ahalmen komertziala eskaintzen dizkio proiektuari. SGB-SMIT enpresak, tamaina ertaineko transformadoreen Europako fabrikatzaileak, transformadoreen inguruko ezagutza teknikoak eta ahalmen komertziala ekarri ditu partzuergora. Mondragon Unibertsitateari dagokionez, Estatuan enpresara gehien bideratuta dagoen eta enpresatik hurbilen dagoen unibertsitatea da, eta aerosorgailuen kargako hartuneak aldatzeko teknologia berriari buruzko ezagutza transferitzeaz arduratuko da.

Ekitaldian honako hauek parte hartu dute: Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua; Carlos García, Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko koordinatzailea; Vicente Atxa, Unibertsitateko errektorea; Iñigo Ucín, Mondragon Korporazioko presidentea; José María Canales, ikertzailea eta 2011tik 2020ra bitarteko tentsio ertaineko laborategiko arduraduna, eta Manex Barrenetxea, laborategiko egungo arduraduna, eta Fernando Santodomingo, laborategia partaide duen FASTAP proiektu europarreko zuzendaria (eta Siemens Gamesako I+G proiektuen zuzendaria).

Kostuak murriztea

Turbinen ahalmen elektrikoa optimizatuz energia eolikoaren sektorea eraldatu eta hobetzea da FASTAPen helburua. Beraz, energia-ekoizpena handitzera eta CO2 isurpenak eta lotutako kostuak murriztera bideratzen du bere teknologia.

Izan ere, Europan parekorik ez duen laborategi berriari esker, energia eolikoaren palanka-efektuaren kostua % 5,5 murriztu nahi da, eta, aldi berean, urteko ekoizpena % 5 handitu, merkatuaren egungo egoerari erantzuteko.

Horretarako, FASTAPen asmoa da aerosorgailuen transformadore tradizionalen ordez kargako hartuneak aldatzeko transformadore azkarragoak sortzea. Aerosorgailuen prestazio elektrikoak hobetzea eta haiek sare ahuletan txertatzea ahalbidetuko du horrek. Teknologia berriak erabiltzen dituen erdieroaleek aukera ematen dute aerosorgailuaren funtzionamendurako tentsiorik egokiena oso azkar aukeratu eta erregulatzeko. Proiektua bultzatzen duten enpresek eskarmentu handia dute batera lan egiten, eta balio-kate osoa betetzen dute, azken produktua merkatura iris dadin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen