MUk bi ingeniaritza-proiekturik onenak aukeratu ditu bere ikasleek garatutako 150 lanen artean

0
697

Mondragon Unibertsitateak, Orona Fundazioarekin elkarlanean, PBLDay jardunaldiaren V. edizioa antolatu du, unibertsitatean aplikatzen den benetako arazoen ebazpenean oinarritutako ikaskuntza-metodologia erakusteko.

Testua eta argazkiak: Mondragon Unibertsitatea.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko bederatzi ingeniaritza-graduetako lehen, bigarren eta hirugarren mailetako 1.000 ikaslek baino gehiagok 150 PBL proiektutik gora egin dituzte ikasturteko lehen sei hilabete hauetan. Mondragon Unibertsitateak 10 urtetik gora daramatza PBL metodologia (Project Based Learning, benetako arazoen ebazpenean oinarritutako ikaskuntza-metodologia) erabiltzen. 25 proiektu onenak Orona Fundazioan jarri dira gaur erakusgai, PBLDAY jardunaldiaren V. edizioan parte hartu eta bi sarietako bat irabazteko helburuarekin: 1.000 euroko sari ofizial bat eta 500 euroko beste bat proiektu berritzaileenarentzat. Unibertsitateko ingeniaritzako 500 ikasle baino gehiago eta batxilergoko beste 100 inguru bildu dira jardunaldian. Gainera, erakusmahaietan beste 130 ikasle egon dira aipatutako 25 proiektuen berri ematen.

PBL benetako arazoen ebazpenean oinarritzen den ikaskuntza-metodo bat da, eta Mondragon Unibertsitatea aitzindaria da Estatuan eredu hori erabiltzen. Europa iparraldeko eta Estatu Batuetako unibertsitateetakoekin parekagarria den eredu horren bitartez, ikasleek ikasturtean bereganatutako ezagutzak erabili eta ikasgelan eta banaka bereganatzen zailak diren gaitasunak aplikatu behar dituzte (komunikazioa, lidergoa, erabakiak hartzea eta abar). Mondragon Unibertsitatea lehena izan zen Espainian metodologia hori erabiltzen. Ikasleek ezagutzak etorkizunean egingo duten modu berean aplikatzea da metodoaren xedea, arazoei aurre eginez eta horiek ebatziz, ikasturtean zehar landu dituzten ezagutza-eremuak praktikan jarriz. Horretarako, ikasleek jorratu dituzten ikasgaietako ezagutzak bereganatu behar dituzte.

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzaren (PBL) metodologia erakustea da jardunaldiaren helburua, hau da, egiten ikastea eta prestatzen ikastea, benetako arazoak ebatziz. Egun osoan zehar, lehiaketara aurkeztu diren 150en bat proiektutik hautatu diren 25 PBL proiektuen erakusketa egingo da, panel eta bideoen bidez, eta 2020ko PBL proiekturik onenaren saria eta PBL berritzaileenaren saria emango dira.

Unibertsitateko irakasleek eta enpresetako adituek osaturiko epaimahai batek aukeratu du talde irabazlea, planteatutako irtenbide teknikoa eta taldeek standean egindako komunikazioa kontuan hartuta. Ikasleek ikasturte akademikoko lehen seihilekoan garatu dituzten proiektuak dira horiek.

Proiektuak

PBL proiekturik onena (1.000 euroko saria) eta proiekturik berritzaileena (500 euroko saria) izateko lehiatu diren 25 proiektu hautatuen artean ingeniaritzako arlo guztietako lanak daude: energia, biomedikuntza, ekoteknologia industriala, diseinu industriala, elektronika, informatika, mekanika, antolakuntza eta mekatronika. Proiektu finalisten artean honako hauek ditugu: apurtutako masail-hezurrerako irtenbideen garapena, muskulu artifizialeko prototipoaren garapena, audio-anplifikadorea, haize-turbina tolesgarria, automobila altxatzeko katu mekanikoa, banbuzko tandem bizikleta, kartoizko barrualdea duen surf-taula eta abar.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen