MUk 6 puntuko aldearekin irabazi behar dio Tabirakori Euskal Kopako finalean sartzeko

0
120

Partidua igandean jokatuko da Iturripen 18:30ean.

Testua: Ointxe!

Tabirakok bere etxeko lanak egin zituen joan den asteburuan Easoren aurka, eta garaipena lortu zuen 78-75eko emaitzarekin. Ondorioz, Easok lehen jardunaldian gure taldearen aurka lortutako 77-69ko garaipenarekin batera, gure mutilek 6 puntu edo gehiagoko aldearekin irabazi behar diote Tabirakori EBAko Euskal Kopako Lauko Finalera sailkatzeko.

Durangoko taldeak EBAra igotzea lortu zuen joan den denboraldiaren amaieran, eta egitura eta historia handiko kluba da Euskadin. Igoeraren lehen urtean ez da erraza izaten maila berrian finkatzea, baina larunbatean Easoren aurka lortutako garaipenarekin, denboraldi honetan ezer oparituko ez dutela erakutsi dute.

Mondragon Unibertsitatea ondo entrenatzen ari da, baina hainbat baja ditu kanpaina hasiera honetan, eta taldea ez da % 100ean egongo igande honetan. Hala ere, espero dezagun Julen Berrocalek eta bere jokalariek azken aste hauetan egindako lanak fruituak emango dituela, eta taldean beharrezko konexioa lortuko duela.

Gainera, Julen Berrocalek bere betiko kluba izan denaren aurka jokatuko du, eta Tabirako EBAn entrenatu zuen orain dela pare bat denboraldi. Beraz, partiduak zale guztientzat erakargarria izateko osagaiak ditu.

Lauko Finala Iturripen jokatuko da urriaren 1ean eta 2an. Euskadiko Federazioak gure klubari eman dio Lauko Finala antolatzeko ardura, beraz, pizgarri bat gehiago izango da gure taldearentzat igandeko partiduari begira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen