MUk 100.000 euro banatuko ditu oinarri teknologikoko proiektuak garatzeko beketan

0
230

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak oinarri teknologikoko ideia berritzaile eta jasangarriak sustatzearen alde egin du berriro, eta Mondragon Unibertsitatea Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards lehiaketa (lehen, Enpresa Sortuz) antolatu du aurten ere. Lehiaketa Estatura begira ere egongo da, eta edozein ekintzaile indibidual eta startup aurkeztu ahal izango da, unibertsitatearekin lotura izan ala ez. 100.000 eurorainoko laguntza ekonomikoa banatuko da talde irabazle guztien artean. Diru-kopuruak eta horiek erabiltzeko moduak proiektu bakoitzaren arabera zehaztuko dira; baina, gehienez, 25.000 euro bideratuko dira proiektu bakoitzeko. Aurtengo deialdian parte hartzeko izen-emateak apirilaren 30ean amaituko dira, eta talde finalistak maiatzaren 6ko astean jakinaraziko dira.

Ideia originalak aurkeztu behar dituzte taldeek: ez da plagiorik onartuko. Gainera, sariak bateragarriak izango dira antzeko beste sari eta finantzaketa-iturriekin.

Lehiaketa lau fasetan banatuta egongo da:

Lehen fasea: Izen-emateak egiteko eta proiektua aurkezteko izango da. Proiektuaren aurkezpena laburra izango da, 3 minutukoa, gehienez, negozio-ideiaren eta lantaldearen berri emango duen bideo baten bidez. Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Ekintzailetza Taldea aurkeztutako taldeekin harremanetan jarriko da, haien ideietan sakontzeko.

Bigarren fasea: RoadMap izenekoa, maiatzaren 2tik 30era bitartean, ekintzailetza-taldea taldeekin bilduko da, haiei buruzko ezagutza orokorra handitzeko. Etapa horretan jakinaraziko dira hurrengo bi faseetara igaroko diren taldeak.

Hirugarren fasea: maiatzaren 30etik urriaren 30era bitartean, talde irabazleak zein diren jakinaraziko da, eta ekintzailetza-proiektuetan sartuko diren ikasleak hautatuko dira.

Laugarren fasea: irailaren 1etik 2025eko uztailaren 30era, proiektu ekintzaile bakoitzak Mondragon Unibertsitateko ingeniaritzako ikasle baten laguntza eta ekarpena izango ditu.

Erronka:ekintzailetza teknologikoa

Lehiaketaren bidez, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak unibertsitatearen erronka estrategiko bat lortzen lagundu nahi du: 2030erako Europako ekintzailetza teknologikoaren erreferente bat izatea, hain zuzen.Halaber, beste helburu hauek ere lortu nahi ditu: Mondragon Unibertsitateko ikasleen eta irakasleen ekintzailetza sustatzea;enpresekiko harremanak sendotzea, industriaren arloan barne-ekintzailetza jasangarria sustatuz, eta gizarte-aberastasuna sortzea, bereziki unibertsitatearen eragin-eremuan.

Enpresa laguntzaileak

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak hainbat urte daramatza lehiaketa bultzatzen, eta, urteotan, enpresa askok egin dute bat harekin.Aurtengo edizioan, FAGOR taldea, Orbea, KREAN eta MONDRAGON Korporazioa dira laguntzaile nagusiak; denen artean 100.000 euroko ekarpena egin diote aurtengo edizioari, ekintzailetza-lehiaketak aurrera egin dezan.Kooperatiba horiek Gipuzkoan dute egoitza nagusia, eta konpromisoa dute lurraldeko industria-sarea indartzeko eta bertan kalitatezko enplegua sortzeko; hori dela eta, lehiaketa babestuz, beren konpromiso sozialak sustatzen dituzte.

Izen-emateak: MondragonUnibertsitatea Industrial SustainableEntrepreneurship AWARDS 2024: Izenematea / Inscripción / Registration (google.com)

Informaziogehiago: MONDRAGON UNIBERTSITATEA INDUSTRIAL SUSTAINABLE ENTREPRENEURSHIP AWARDS – MondragonUnibertsitatea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen