Mugimendu feministak M8aren inguruko hainbat traba salatu ditu

0
940
gora

Mugimendu feministatik azaldu dute, aurreko zapatu gauean, hainbat gazte feministek, “Arrasateko neska gazteok jai giroan pairatzen ditugun eraso sexistak salatzeko, tabernak hartu genituela”.

Orduan tabernan zeuden bezero batzuren “harrera beroa izan bazen ere”, “taberna guztietan erasoak jasan genituen: irainak, mespretxuak, bultzadak, mehatxuak, ukituak…”.

Arrasateko talde feminista honek ondorioztatu du “espazioa boterez eta indarrez hartzen dugunean deserosotasuna sortzen dela pertsona askorengan (batez ere gizonengan)”.

Horrela, ekintzaren “gure helburua bete dugu”, hainbat jarrerarekin “nazkatuta gaudelako eta hau salatzera gatoz!”.

Ondoren, “gure ekintza amaitu eta berehala” ertzainak agertu ziren. “Gure atzetik ibili ostean, adin txikiko neska gazte batzuen atzetik hasi eta etxeraino jarraitu zituzten”.

Hurrengo egunean ere “jarraipenak bizi izan genituen” kaleko jantzita zebiltzan ertzainen partetik. “Gu kikiltzea zen haien helburua, baina ez dute lortu”.

Igandean, Martxoaren 8ko manifestazioa baino lehen, hainbat feministek hainbat kartel eta aldarri jarri zituzten kalean, “baina PNV-PSEren udal gobernuak bere garbitzaileak bidali zituen, eta gure aldarrikapenetako batzuk kendu zituzten”.

“Hala ere, gure pankartak zakarrontzian aurkitu genituen eta berriro jarri genituen. Ezingo dugu Arrasate feminista eraiki gure aldarrikapenak kaleetatik kentzen badituzte”.

Ondoren, manifestazioan “alkatearen gehiegizko protagonismoa eten behar izan genuen; eta, azkenean, ekitalditik alde egitea lortu genuen”. “Ez dugu maila horretako jarrera hipokritarik onartuko”.

Mugimendu feministatik iragarri dutenez “geurea den espazioa hartzen jarraituko dugu”. Izan ere, “sinetsita gaude, hau dela sistema guztia ezbaian jartzeko modu bakarra”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen