Mugarri-Ingouk ligari berrekingo dio; Mondrate eta Ointxek sasoiko darraite

0
696

Errugbian, Kanpazar Arrasate-Ordizia taldearen partidua atzeratu egin behar izango da, eta boleibolean Arizmendik beheko postuetatik atera nahi du.

Mondratek sendo jarraitzen du lidertzan, aurreko jardunaldian Arcada en la Grada taldea 0 eta 11 mendean hartuz. Jon Zabalaren taldeak 13 puntu ditu, eta bigarren Aretxabaleta dago 10 punturekin.

Asteburu honetan talde zuri-moreak etxean jokatuko du, Goierriren aurka, larunbatean arratsaldeko 18:00etan Musakola kiroldegian.

Mondragon Unibertsitateak bolada txarrari amaiera eman zion aurreko domekan, Eguesi Iturripen irabazita, eta sailkapenaren goialdean jarri da, Ardoi liderrarengandik gertu.

‘Arri’ren taldeak asteburu honetan ere garaipena bilatuko du etxean, hain zuzen, domekan arratsaldeko 18:30etik aurrera, Goierri azken sailkatuaren aurka.

Aipatzekoa da ere Ointxeko bigarren Nazional taldeak eta Euskal Kadete Ligakoak partida ofizialak jokatuko dituztela asteburu honetan.

Mugarri-Ingou Arrasate taldeak asteburu honetan ligari berrekingo dio, Deusto-Loyolaren aurka. Eskubaloi partidua Iturripen jokatuko da, zapatuan 16:00etatik aurrera, ateak itxita baina ilusio handiz.

Boleibolean, Arizmendi talde gazteari talde nafarren aurka jokatzea tokatu zaio azkenaldian, eta Ander Nuñezen taldea sailkapenean gora egiten ahaleginduko da.

Errugbiari dagokionez, Kanpazar Arrasate-Ordiziak aurreko asteburuan debuta egin zuen baina ezin izan zuen garaipena lortu, Durangoren aurkako lehian. Asteburu honetan Errioxaren kontra jokatzekoa zen, baina partidua atzeratu da.

Izan ere, osasun-krisialdiaren ondorioz, hango Gobernuak ez du baimentzen halako partiduak jokatzea, ezta lan-saioak egitea ere.

Animo gure talde guztiei!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen