Mugarri-Ingouk gol batengatik galdu du, mailari eusteko borrokan

0
715

Arrasateko taldearen batez besteko adina 19’5 urtekoa da. “Oso zail daukagu mailari eustea” azaldu du Patxi Garcia entrenatzaileak “baina hori lortzeko borrokatuko dugu”.

Mugarri-Ingouk mailari eusteko fasean dihardu, eta atzo partidu oso zaila izan zuen Usurbilen aurka. Izan ere, “Usurbilek mailaz igotzeko taldea dauka eta esperientzia handikoa da”, azaldu du Patxi Garcia entrenatzaileak.

Ordea, “gure taldearen batez besteko adina 19’5 urtekoa da, eta jokalari beteranoenak 22 urte ditu”.

Atzoko partiduaren azken zatian adibidez “kantxan geneukan taldeko jokalari batek 17 urte ditu eta beste bi jokalarik 18 urte dituzte. Normala den bezala, esperientzia falta zaigu eta hori partiduz partidu lortzen da”.

Kanpoko taldea hasieratik aurretik izan zen markagailuan (5-10) baina lehen zatiaren amaieran Mugarri-Ingouk hobeto jokatu zuen eta atsedenera gol bakarrera jarri zen (12-13).

Gure taldeko goleatzaile nagusienak Hodei Letona eta Martin Balanzategi izan ziren, hurrenez hurren, 6 eta 5 gol sartuta.

Bigarren zatian usurbildarrek berriro aldea handitu zuten (16-21) baina Mugarri-Ingouk ez zuen amore eman, eta partidua berdintzear izan zen.

“Alabaina, azken uneetako urduritasunen eta prisen ondorioz, ez zen posible izan” eta partidua 23-24 markagailuarekin bukatu zen.

“Ni pozik nago taldeak jokatutako partiduarekin – baloratu du Patxi Garcia entrenatzaileak – bai defentsan (zenbait baloi berreskuratuz) baita erasoan ere (jokaldiak lehenengo saiakeran gauzatuz) egindako lanagatik”.

“Jokalariak maila ona ematen ari dira, arerioei aurre egiten diete eta gauza berri asko ikasten dabiltza”.

Gure taldeak “matematikoki oraindik ez du maila galdu, baina oso zail daukagu mailari eustea”. Liga amaitzeko 4 partidu jokatzeke daude.

Horietako lehena, datorren asteburuan, Corazonistasen aurka izango da Gasteizen: “Talde beteranoa da baina aurre egingo diogu, gauzak zail jarriko dizkiogu eta garaipena bilatuko dugu”. Aupa Arrasate Eskubaloi!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen