Gure taldeak azken segundoan aldeko penaltia izan du, baina ez du sartu, eta partidua 21na bukatu da. Datorren jardunaldia ligako azkena izango da, eta Zumarragan irabaztea gura du taldeak.

Arrasate Eskubaloiko senior taldeak 22/23 denboraldiko etxeko azken partidua jokatu du gaur arratsaldean Iturripen. Imanol Loiti Montero ‘Ima’, lesio larri bat gaindituz, gaur lehiaketara itzuli da, taldeak ongietorri pankarta bat jarri duelarik.

Egia Kosko Taberna saikapeneko azken postuan zegoen, eta Mugarri Ingouk baino gehiago zuen jokoan gaurko norgehiagokan. Horrela, atsedenera 11 eta 13 aurretik iritsi da. Aipatzekoa da taldeko gaurko golegile nagusia Hodei Letona Erretolatza izan dela, 6 gol sartuta.

“Penaltia azken finean jokaldi bakar bat izan da, eta partiduan zehar gauzak hobe egin izan bagenitu (azken asteburuetako oreka eta egonkortasunarekin), ez ginateke penalti horretara berdinduta iritsiko”.

Bigarren zatian, baina, etxeko taldeak aurrea hartu du, eta aurretik izan da markagailuan ia denbora osoan zehar. Azken segundoan, partidua 21na berdinduta zela, aldeko penaltia izan du, baina Egiako atezainak gelditu du, eta ondorioz azken emaitza 21nakoa izan da.

“Erabakigarria partidu osoa da – azaldu du Ane Herrero Azpiazu entrenatzaileak – eta ez soilik jokaldi zehatz bat. Partiduan gorabeherak izan ditugu, eta horrek berdinketa eragin du”.

Halere, entrenatzaileak baloratu egin du “aurreko asteburuetan erakutsi dugula gure esku dagoela: gu kontzentratuta kantxaratzen bagara, guztiok dena ematen badugu, eta 60 minutuetan maila nahiko altu bat ematen badugu, talde oso gutxik aurre egin ahalko digute”. Horren adibide da Ordizia duela bi aste garaitzea.

Aurrera begira, Arrasateko taldeak ligako azken partidua Zumarragan jokatuko du, Urolaren aurka, sailkapeneko bigarrena. “Beraz, ez da partidu erraza izango”.
Liga amaitzear da eta Ane Herrero Azpiazu entrenatzaileak baloratu du “oso pozik nabilela taldeko mutilekin, baina pena da eurek ez sinestea une batzuetan aurre egiteko gai direla. Hala ere, denboraldi polita egin dugu, gazte asko daude taldean, eta ea azken partida irabazten dugun, datorren denboraldira begira animoak lortzeko”.

Ligaren ostean, Kopa jokatuko da “baina oraingoz erabaki behar dugu Kopa jokatu edo ez. Izan ere, jokalari batzuentzat denboraldia luze egiten da, lana dela eta ez dela. Gainera, jokalari batzuek gustuko dute asteburua libre izatea. Kopa jokatu edo ez, entrenatzen jarraituko dugu”. 1, 2, 3… Mondra!
Aipatu behar dira ere Arrasate Eskubaloiko neska gazteen taldeak irabazi egin duela, eta infantil mailakoek Gipuzkoako Ligako txapeldunordeak izatea lortu dutela, zorionak neskak!