Mugarri-Ingou azken minutura arte Deusto-Loyolaren aurka borrokatu da

0
1054

Lehen zatia parekatua izan da, eta atsedenean markagailua 11-11koa zen. Patxi Garciaren talde gazteak, baina, azkenean 23-26 galdu du. Datorren jardunaldian Zarautzen kontra jokatuko du.

Patxi Garcia entrenatzaileak ondorengo taldekideak deitu ditu gaurko partidurako: Imanol Garcia, Xabier Lizarralde, Danel Roa, Jurgi Iraola, Beñat Jimenez, Luisbel Jimenez, Kepa Zelaia, Iker Zubizarreta, Mikel Lizaranzu, Martxel Bengoa, Mikel Teran, Oihan Peñas, Eki Letona, Mikel Murillo, Josu Herrero eta Jon Martin.

Talde oso gaztea da baina entrenatzaileak azpimarratu du “ilusio handia dutela, eta ondo landu beharrekoa dela”.

Covid-aren ondorioz 2020/2021 denboraldia ezohikoa izaten ari da: gaurko partidua ligako bigarrena izan da. “Guk neurri guztiak hartu ditugu, eta izan dugun kasu bakarra Gasteiztik etorri zen. Ondoren, gure proba guztiek negatibo eman genuen. Horren ondorioz egun maskararekin entrenatzen dugu”.

“Ez dugu konfinamendurik nahi, eta maskara erabiltzea ohitura kontua da. Badu bere abantaila – adierazi du entrenatzaileak umore puntu batekin – fisikoa landu egiten delako”.

Ligako partiduei dagokienez, gure taldeak lehen partidua Escolapiosen aurka galdu zuen, eta gaur bigarrena jokatu du Iturripen.

Partidua parekatua izan da, eta atsedenera hamaikanako berdinketarekin iritsi da. Alabaina, bigarren zatiari hobeto ekin dio talde unibertsitarioak, eta 12-16 aurreratu da.

Partidua amaitzeko 5 minutu falta zirela, Patxi Garciak hutsartea eskatu du, eta taldeari on egin dio markagailuko aldea murriztu baitu (22-24).

Josu Herrero arrasatearrak 11 gol sartu ditu guztira, baina tamalez Deusto-Loyolak jakin izan du azken minutuan bere errentari eusten, eta azken emaitza 23-26koa izan da.

Patxi Garciak baloratu du orokorrean bere taldeak egindako partidua: “5 minutu txar izan ditugu, eta Deusto-Loyolak ez ditu horrelakoak barkatzen. Baina oro har lan ona egin dugu”.

“Bizitasun eta ilusio handiz jokatu dugu, eta horrek pozten nau”. Datorren jardunaldian gure taldeak Zarautz Txikipoliten aurka jokatuko du, lehen jardunaldiko partidua galdu zuena.

“Partidu guztiak zailak izango dira, lau taldek maila igotzeko jokatuko dute eta beste lauk maila ez jaisteko. Gure taldearen gaztetasuna dela, gure helburua 2020/2021ean mailari eustea izango da”.

Liga bi multzotan banatu da, eta bigarren fasean aurtengo talde onenek euren artean lehiatuko dira, eta aurtengo talde eskasenek euren artean. “Fase hori erabakigarria izango da”.

“Ondo bidean goaz, taldekideen jarrera zuzena izaten ari da, ea normaltasun handiagoz entrena dezakegun, eta emaitza onak lortuko ditugu”. Aupa Arrasate Eskubaloi!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen