MU-ren lehen mugikortasun-programan parte hartu zutenen topaketa

0
645

Duela 50 urte, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Ingeniaritza Tekniko Elektronikoko zenbait ikaslek, jakin-mina eta ikerketarako bokazioa zutenek, Estatuan sortutako nazioarteko lehen mugikortasun-programetako batean hartu zuten parte. Nazioarteko lehen mugikortasun-programa izan zen Goier. 1973an jarri zen martxan, egungo Erasmus programa sortu baino 14 urte lehenago, alegia.

Ikasle horiek prestakuntza-egonaldi bat egin zuten Tolosako Unibertsitatean, 1973an, Eskola Politeknikoko zuzendaritzak Frantziako Gobernuarekin nazioarteko harremanen esparru bat negoziatu ondoren. Ikasten jarraitzeko eta goi-mailako ikasketak etxetik kanpo egiteko gogoak bultzatuta, hurrengo urteetan ehunka ikasleri aukera bera eman dien programa hori jarri zuten martxan. Gainera, lehen promozioko ikasle horiek lehenak izan ziren ingeniaritzako doktore titulua lortzen, eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan, Ikerlanen eta inguruko eta Estatuko beste enpresa batzuetan lanean hasten.

Mende-erdi geroago, Mondragon Unibertsitatera itzuli dira, gogora ekartzeko garai hartako nazioarteko egonaldi gogoangarria, batetik, eta, bestetik, Europako herrialdeetan garatzen ari ziren eremurik berritzaileenak ezagutzeko aukerak unibertsitatearentzat berarentzat eta inguruko erakundeentzat ekarri zuen aurrerapena. Goier programako lehen parte-hartzaileen artean, hauek izan dira topaketan: Alberto Ruiz de Olano y Ruiz de Larrea; Iosu Zabala, Mondragon Unibertsitateko errektore ohia; José Mari Sagarna; Raúl Lizarzaburu; Xabier Ruiz del Portal; José Javier Borda Camino; Eugenio Guelbenzu Mitxelena, eta Joseba Quevedo eta Ramón López de Mántaras Badia, CEAko Automatikako Sari Nazionala eta Matematika eta IKTko Julio Rey Pastor Ikerketa Sari Nazionala irabazitakoak, hurrenez hurren.

Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorea eta Carlos García Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendaria haiekin izan dira bisitan zehar. «Hainbat urteko esperientzia hori bizitzea, konfort-zonatik kanpo, erronka handia izan zen. Hizkuntzak finkatu genituen, ingurune konplexuetan moldatzen ikasi genuen, mugikortasunera ohitu ginen, harremanak ezarri genituen erakundeekin eta pertsonekin…», azpimarratu dute ikasle ohiek.

Goier programa

70eko hamarkadaren hasieran, zenbait ikasle ohartu ziren berritu eta enpresekin —batez ere kooperatibekin— lankidetzan aritu beharra zegoela, haiei produktu eta zerbitzu berriak garatzen laguntzeko. Goi-mailako titulazio bat ikasten jarraitu nahi zuten bi ikaslek, Xabier Ruiz del Portalek eta Joseba Quevedok, elkarrizketa bat egin zuten Tolosako Paul Sabatier Unibertsitateko (UPS) idazkari akademikoarekin, Frantziako erakunde horretan ikasten jarraitzeko aukerarik ote zegoen jakiteko.

Elkarrizketa hartan, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko industria-elektronikako ingeniaritza teknikoko ikasketak azaldu zizkioten UPSko idazkari akademikoari, eta, horri esker, unibertsitateko lehen hiru urteak baliozkotzea lortu zuten, betiere antzeko espezialitateetako ikasketen kasuan. Gainera, bide horrek unibertsitate-ikasketak amaitu ondoren doktoregoa egiteko aukera ematen zuen.

«Duela berrogeita hamar urte, Euskadin ez zegoen ez ikerketa-ikasketarik, ez teknologia-garapenik; argi teknologiko berriak mundua argiztatzen hasiak ziren, baina honaino iritsi gabe zeuden, artean. Mikroprozesadoreak, sentsoreak, robotika, zenbakizko kontrola, ordenagailuz lagundutako diseinua, adimen artifiziala eta abar sortzen hasten ziren. Ondoren etorriko zen guztiaren big bang-a zen, eta maila berean jarri behar genuen», gogoratu dute.

Hori gerta zedin, sinergiak sortu ziren, pixkanaka, Frantziako, Italiako, Alemaniako, Suitzako, Kanadako, Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko beste unibertsitate batzuekin, ikerketen kalitatea hobetzeko eta Mondragon Unibertsitatearen ingurunera lehiakortasuna erakartzeko.

Profil profesional berriak

Goier programako lehen promozioek irakasle eta ikertzaile kualifikatuen eskaria bete zuten, bai Mondragon Goi Eskola Politeknikoan bertan, bai Ikerlan ikerketa-zentroan eta Euskadiko nahiz Estatuko beste enpresa batzuetan; haietan, berehala hartu zuten erantzukizun handiko lanen ardura, ikerketan, berrikuntzan eta produktu zein zerbitzu berrien garapenean. «Zorte handia izan genuen, leku eta une egokietan baikeunden. Gurekin ikasten eta ikerketa-zereginetan zeuden Europako ikaskideek bezalaxe, bertatik bertara ezagutu ahal izan genuen garai hartan munduan gertatzen ari zena. Eta gure kooperatibak aberastu genituen, Euskadiko hainbat alderditan funtsezkoak diren bi erakunderen bidez; hots Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren eta Ikerlanen bidez», esan dute.

Goier programaren lehen 15 urteetan (1972-1987), Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko 140 ikaslek egin ahal izan zituzten goi-mailako ikasketak ospe handiko nazioarteko unibertsitateetan. Gainera, Goier proiektuari esker, handituz joan zen Eskolaren programetako hezkuntza-maila; nazioarteko joerekin bat zetorren lan-estilo eta -modu berri bat sartu zen, eta atzerriko beste erakunde batzuetatik urtero etorritako irakasleek ekarpen aberatsa egin zieten garai hartako ikasleei. Denborak aurrera egin ahala, gora egin du, apurka-apurka, nazioarteko unibertsitate batean egonaldia egin duten ikasleen kopuruak. Atzera begiratuta, 2014-2015 ikasturtean, 631 ikaslek egin zuten egonaldia atzerriko unibertsitate batean, eta, ia 10 urte geroago, 2022-2023 ikasturtean, hirukoiztu egin da kopurua, 1.970 ikasle irten baitziren atzerrira. Adibidez, azken 20 urteetan, 13.091 ikaslek egin dute nazioarteko mugikortasun-programa bat Mondragon Unibertsitatean. Orain, mende-erdi geroago, internazionalizazio-programa horretan aitzindari izan ziren ikasleek gogora ekarri dute nolakoa izan zen lehen Erasmus hura eta nola eragin zion euren karrera profesionalari.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen