Bertan izan dira Mondravember eta Bergarako taldeko partaideak. Elkartasunezko ekimenak antolatuta, datorren zapatuan Arrasaten ekitaldi potenteenak izango dira.
Elorregiko Movemberren lehen topaketa 2019an ospatu zen, eta iazko etenaren ostean, 2021ean berriro gauzatu da.

Hala, hainbat lagun menditik oinez, bidegorritik paseo bat ematen edota bizikletaz iritsi dira San Prudentziora.
Batez ere arrasatearrak eta bergararrak elkartu dira, Oñatiko lagun bat edo beste ere bertaratu da, eta Antzuolako taldea ezin izan da etorri.

Movemberreko lagunek gustura hartu dituzte txorizo pintxoak eta edariak, solasean eta giro onean. “Aurten Arrasateko taldeari zegokigun topaketa antolatzea, baina Bergarakoek eskatu ziguten eurek antolatzea, eta guk eragozpenik ez geneukala erantzun genien”.
Izan ere, aurtengo Arrasateko egitaraua zabala antolatzen eta aurrera eramaten “lan askokin gabiltza, eta ekitaldi ugari prestatu ditugunez, ekonomikoki nahiko ondo gabiltza. Topaketa hau antolatzen duen taldeak topaketako diru laguntza jasotzen du, eta beraz aurten Bergarako taldeak jasoko du”.

Aurrera begira, “datorren asteburua potoloa izango da, antolatutako ekintza ugari gauzatuko ditugulako. Paellada herri guztiarentzat doakoa izango da, eta jendea bertaratzera animatzen dugu. Horri esker, kausa honek bisibilitate handiagoa lortuko du, dena ez baita dirua”.
Horrela datorren zapatuan, mendi-irteeraz gain, korrikaldi herrikoi eta ireki bat egingo da Arrasateko Erdialdean zehar, “herritarrak kirol apur bat egitera animatzeko eta kirol-zaletasuna sustatzeko, osasunarentzat onuragarria”.

Gainera, zapatuan ere bertsolariak eta kontzertuak izango dira. “Gaztetxeko lagunekin izan gara, eta kontzertuak bertan egitekoak dira”.
Testuinguru honetan, “espero dugu eguraldi ona egitea eta egun polita izatea. Herri osoa gonbidatzen dugu bertan parte hartzera”.

Aipatzekoa da ere, egun bat lehenago, hau da, datorren ostiralean, Azkaiter Pelox musikariak saio bat eskainiko duela King’s ile-apaindegian. Zarugaldeko ile-apaindegiak “ematen digun laguntza eskertzeko antolatu dugu”.
Datorren zapatuko egitaraua hemen

