Monterrongo kondeak bere sekretu ezkutuena argitu digu [Testua: Arantza Otaduy]

0
1505


Aro Modernoa bereziki liluratzen nauen garai bat da. Mundua handiagoa egin zen eta komunikazioak hobetu egin ziren. Zientziak eta ezagutzak aurrera egin zuten. Eta euskaldun ugariren egoerak, emakume nahiz gizon, hobera egin zuen gorte espainiarrean gora egiteari esker, gure lurrean inbertitzeko eta eraldatzeko aukera izanda.

Argazkiak eta testua: Arantza Otaduy.

Hobekuntza horiek olen egokitzeetan, azpiegituren eta bideen hobekuntzan, ikerkuntzako eta hezkuntzako inbertsioan eta, nola ez, sustapen konstruktiboan islatu ziren.

Antzinako etxeak, aurrerapenaren aurkakoak itxuraz, eraisten joan ziren eta bertako orubeetan etxetzar dotoreak eraiki ziren, eragin herreriano nabarmenekoak. Eraikin horietako bat Monterrongo lehen kondeak, Juan de Andicano y López de Celaak, Arrasaten eraikitzea agindu zuen.

Gaur egun oraindik, Arrasateko bizilagun ugarik, emakume nahiz gizon, ez dakite Monterrongo kondearen etxea Erdiko kalean zegoela, Olarteko kantoiaren ondoan. Monterron Jauregia bezala ezagutzen duguna, Zarugaldeko errebalean kokatua, jatorrian bere arrebaren eta koinatuaren etxebizitza izan zen, hurrenez hurren, María Sáenz de Andicano azafata eta Mateo de Aranguren kapitaina.

Juan de Andicano Celaa zaldunaren inguruko datu biografiko batzuk jakin badakizkigu. Arrasaten bataiatua izan zen 1629ko ekainaren 11n. Diego de Andicano eta Isabel de Celaa senar-emazteen laugarren haurra izan zen.

Juan kultura handiko gizona izan zen, eta erresumako administrazioan garrantzizko karguak bere gain hartu zituen. 1667an fiskal akusatzaile ziharduen, Valladolideko Real Audiencia y Chancillería izenekoan, eta urte gutxira, 1675ean Casa y Corte delakoaren alkate izendatu zuten, Carlos II.aren agintaldian.

Antzinako Erregimenaren instituzio honek bizitza publikoaren alor guztiak kontrolatzen zituen gortea zegoen tokian, beraz, Felipe II.aren agintalditik aurrera Madril hirian. Bere alkatea estatuaren kargu altu bat zen, epaile lanak egiten zituen eta bere erabakiak ia atzeraezinak ziren, izan ere, bere erabaki judizialak aldatzeko erregearenganaino berarenganaino jo behar zen.

Carlos II erregea izan zen 1675ean Santiagoko Ordenaren Zaldun titulua emateko tramiteak hasi zituena, eta 1676an jaso zuen. XVII. mendeko edozein gizon handik helburu zuen elkarte elitista horren parte izatea, eta bertara ez zuten sarbiderik kristautasunera bihurtutako familiak, hau da, jatorri judu eta musulmaneko familiak.

Juan Andicanok beste aitortza bat ere jaso zuen Austrien azken erregearen partetik, izan ere, 60.000 errealen truke Guadalajarako Montarrón hiriko jauntasuna erosi ostean, Monterrongo Konde titulua jaso zuen Carlos II.aren eskutik 1689an, egindako zerbitzuak ordainduz. Monterrongo kondetza betirako titulu bat da, eta bere ondorengoek herentzian jaso zuten.

Eta, zer egingo luke Mondragoeko bizilagun batek bere herrikideei erakusteko bizitzan lortuak zituen ohore eta aitortza guztiak? Berehala gogora etorri zitzaidan Diego de Velázquez, Santiagoko Ordenaren kide ezagunetako bat. Bere burua erretratatu zuen Meninen koadro ospetsuan, bertan gurutze gorria soinean daramala, hau da, orden militarraren ikurra daramala. Beraz, Velázquezek horixe egin bazuen, natura margotzen zuen artisau xume bat baino gehiago zela erakusteko, zergatik ez zen existituko Juan de Andicanoren erretratu bat, bere lorpenak goraipatuko zituena?

Lekuren batean kondearen koadro bat egon behar zela pentsatu nuen, eta bilaketa lanetan denbora bat eman nuen museoetan, arte-galerietan, antikuarioen dendetan eta enkanteak egiten dituzten enpresetan. Eta, horietako batean, azkenik, gure Monterrongo kondearen koadro bat aurkitu dut.

Barrokoko erretratuek ohi dutenez, pertsonaiaren ezaugarri nabarmenak erakusten ditu; agiriak, bere ezpata (oso zentzuzkoa litzateke Mondragoeko altzairuzkoa izatea), kapa luze bat Santiagoko gurutzea duena (Ordeneko Zalduna baitzen), Andicano familiaren armarria eta hori guztia gehiegizko giro batean, koadroaren goialdean gortina handi eta dotore bat dagoela. Gainera, pertsonaia erabat identifikatuta ageri da, margoaren behealdeko kartelak nor zen erakusten baitu.

Norbanakoren batek, erakunde publikoren batek edo erakunde pribaturen batek koadro hau erosteko interesa badu, enkantearen hasierako prezioa 4.250 eurokoa da. Badirudi bere egilea Barrokoko margolari bikain baten eskolakoa zela; Juan Carreño de Miranda, Carlos II.aren ganberako margolaria. Oso interesgarria litzateke koadroa aztertzea bere egiletzaren inguruko gauza gehiago deskubritzeko. Halaber, oso aberasgarria litzateke ñabardurak ikusi eta mihisearen testuak irakurri ahal izatea. Seguruenik pertsonaiari buruzko informazio zabalagoa emango lukete.

Azkenean jakin dut nolakoa zen Monterrongo kondearen aurpegia. Orain jakin behar dut ea bere gorpuzkiak arrabaleko San Frantzisko komentuan jarri zituzten edo ez, 1691n hil ostean, horixe baitzen bere borondatea. Hori eta gauza askoz gehiago kontatuko dizkizuet Arrasateko kaleetako bisita gidatuetan.

feeleuskadi.com

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen