Mondravemberreko lagunek hainbat ekitaldi antolatu dituzte azarorako

0
1989

Ohiturarekin jarraituz, aurten ere King ile-apaindegitik igaro dira hilabete osoan eramango duten bibotea txukuntzeko.

Azaroan Movember ekimena ospatzen da, gizonen osasun gaiez kontzientziatzeko sortu zen mugimendua. Arrasaten duela hiru urte Mondravember elkarteak hainbat jarduera antolatzen ditu honen inguruan. Aurten, Covidek sortutako osasun egoera dela eta, ezin izan dute beste urte batzuetan adina jarduera antolatu. Hala ere, ohiturarekin jarraituz, aurten ere King ile-apaindegitik igaro dira hilabete osoan eramango duten bibotea txukuntzeko.

Antolatu ahal izan dituzten ekitaldien artean Mondravemberrek, Bergarako Movember gara elkartearekin elkarlanean,  bi hitzaldi antolatu ditu: bata Arrasaten,Eskola Politeknikoan, eta bestea, Bergaran. Lanean ari dira ere Arizmendi Ikastolarekin beste hitzaldi bat antolatzeko. Ekitaldi hauek Covid-ak eragin duen egoerak baimentzen badu burutuko dira. Hitzaldiak Arkaitz Carrazedo ikerlariak emango ditu. Carrazedok laborategia Zamudion kokatuta dauka, eta Modravemberrek lortzen duen diru guztia bertara bideratzen dute Prostata minbizia ikertzeko.

Hau izango da ekimenaren hirugarren urtea, eta antolatzaileak azpimarratu dutenez “gure helburua da gaitz hau ikustaraztea, baita ere, ikertzeko dirua lortzea. Iaz 4.000 euro lortu genituen, orain dela bi urte 1.200 euro eta lehenengo urtean 500, beraz goruntz goaz. Hala ere, guretzat garrantzitsuena gaitz hau agerian jartzea da.”

Aurten ere diruarekin laguntzeko asmoa daukate, eta ikerketarako dirua ateratzeko Mondravemberren logoa duten sudaderak, kamisetak eta maskarak jarri dituzte salgai. Gainera, erripak saltzen ari dira 100 euroko balioa duten hiru sorta zozketatzeko, Eguren arrandegiak eta Agirretxe harategiak emandako produktuekin. Erosteko interesa dutenek Mondravemberren Facebook-eko orrialdean edo mondravember@gmail.com posta elektronikoan aukera izango dute.


Aurten Ibai-Arte merkatarien elkartea ere Mondravemberrekin elkarlanean ari da, eta azaroan zehar elkarteko bazkide diren dendek Movember bibotea izango dute erakusleihoetan. Amaitzeko, nahiz eta azaroko azken asteburuko jaialdia bertan behera geratu, familia argazkia egingo dute, aurreko urteetan bezala.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen