Argazkiak: MB artxiboa.
Mondratek Eskoriatzaren aurka jokatuko du ligako azken partida larunbat honetan. Partida honetan Mondrateri balio dion emaitza bakarra garaipena da Bigarren B Mailara igotzeko fasean postu bat lortu nahi badu. Igoera faserako lehen laurak sailkatzen dira eta Mondrate sailkapeneko bosgarren postuan dago, Eskoriatzarengandik bi puntura. Partida larunbatean jokatuko da arratsaldeko 18:30ean Musakolako Kiroldegian.
Julen Otxandiano Mondrateko entrenatzaileak adierazi duenez, horixe zen taldeko kide askok denboraldi hasieran amestutako egoera: “Zaleak animatu nahi ditugu Musakolara hurbiltzera; izan ere, harmailetan giro bikaina egongo da eta Eskoriatzako zale asko ere kiroldegira joango dira partidaz gozatzera eta taldea animatzera. Eskoriatzaren aurkako aurreko partidan 2-3 irabazi genuen eta orain gure zaleen aurrean berriz lortzeko aukera dugu”.
Ildo horretan, Otxandianok esan du partida aukera paregabea dela Debagoienan areto futbolak gaur egun bizi duen sasoi ona agerian uzteko: “Bi taldeok denboraldi bikaina egin dugu, eta orain geure burua neurtzeko aukera dugu play-offetara igotzea bezalako gauza garrantzitsu bat lortzeko. Zalantzarik gabe, bi taldeak kirol honetan gauzak ondo egiten ari diren seinale da. Irabazten duenak irabazten duela ere, Debagoieneko areto-futbola irabazle aterako da partida honekin”.
Partida honi begira entrenatzaileak nabarmendu nahi izan duen beste puntu bat play-offetarako txartela lortzeko inoren menpe ez egotearen garrantzia da: “Pasa den asteburuko emaitzekin, dena gure esku egotea lortu dugu asteburu honetan. Irabaziz gero, txartela gure esku dago, eta ez gaude beste emaitzaren menpe. Garaipena lortzen badugu, ligako lehen sailkatuaren aurka neurtuko gara, gainerako taldeek egiten dutena egiten dutela ere. Gainera, garaipenak bakarrik balio izateak motibazio puntu gehigarri bat emateko balio du, partidari aurre egiteko oso ondo etorriko zaiguna. Garaipenaren bila irten behar dugu partida honetan”.
Musakola kiroldegia gotorleku bihurtu da denboraldi honetan, eta Mondrateren aukera handienetako bat da asteburu honetan garaipena lortzeko: “Liga osoan partida bakarra galdu dugu etxean eta liderraren aurka izan zen azken minutuan. Talde batzuentzat etxean jokatzea handicap bat da, baina guretzat funtsezkoa izan da aurten lortu duguna lortzeko. Horregatik, asteburu honetan bertaratzeko eta historia egin ahal izateko laguntza osoa emateko animatu nahi ditugu zaleak”. Aupa Mondrate!




