Larunbat honetan bertan gauza daiteke, baina horretarako Muskaloan Usansolo gainditu beharko lukete eta bigarren den Doniparik Beti Arabari egin beharreko bisitan ez irabaztea.
Zeruak eta lurrak bat egiten ez badute, Mondratek bere historiako arrakastarik handiena lortuko du, asteburu honetan ez bada, hurrengoan. Hainbat urtetan ateetan geratu ostean, Bigarren B mailarako igoera esku-eskura dute arrasatearrek eta amets hori larunbat honetan gauzatu dezakete, nahiz eta ez den erraza izango. Sailkapenaren behealdean kokatuta dagoen Usansolo hartuko dute Musakolako kiroldegian, baina kontua da igoera ez dagoela euren eskuetan bakarrik. Irabazteaz gain, bigarren postuan diren Donipari pasaitarrek Beti Araba taldeari egin beharreko bisitan ez irabaztea beharko lukete. Abetxukon jokatuko den partida hau hiru ordu laurden beranduago hasiko denez, Gasteiztik etorritako berrien zain geratu beharko lukete arrasatearrek euren partida irabaziz gero.
Baina esperotako emaitza hauek emango ez balira ere, igoerak ez dirudi arriskuan dagoenik, izan ere, jokatzeke 15 punturen faltan, 11 puntutako aldea ateratzen dio Mondratek Donipariri eta horrek jokatzeke dituzten partida guztiak galdu eta pasaitarrak denak irabaztera behartuko lituzke eta gogoratu behar da arrasatearrek bi partida baino ez dituztela galdu 26 jardunalditan, biak Aguraingo Oriamendi taldearen aurka. Gauzak normal, Doniparik aste honetan hutsik egingo ez balu, normalena Mondratek igoera hurrengo asteburuan Bilbon ospatzea litzateke, Otxartabe azken sailkatuari egin beharreko bisitan.
Atzera kontaketa bete-betean da Mondrate eta polita litzateke igoera etxean ospatu ahal izatea, zaleek lagunduta.
Gainerako kiroletan, Zubietako etenaldiaren aurreko kolpearen ostean, Mondrak Mojategin ekingo dio txapelketaren azken txanpari larunbat honetan Andoaingo Euskalduna taldea hartuko baitu arratsaldeko 16.30ean. Liga ahalik eta goren amaitzea, laugarren postua begiz jota dutela, da oraintxe bertan Jorge Davilaren taldearen erronka nagusia eta horretarako ezin du hutsik egin, pixkanaka-pixkanaka zulotik irteten ari den talde baten aurka. Euskaldunak azken hiru partidetan bi garaipen eta berdinketa bat eskuratu ditu eta sasoi onean helduko da Arrasatera.
Nesken talde nagusiak, bere aldetik, Kopako euren ibilbidean aurrera egingo dute igandean hirugarren postuan den Martuteneren zelaian, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Taldea sendotu eta hazten jarraitzea da arrasatearren azken txanpa honetarako helburua.
Saskibaloiari dagokionez, Mondragon Unibertsitatea Ointxeko mutilek denboraldi ezin hobe bat agurtuko dute igandean Iturripen, etxean jokatuko duten azken partida izango baitute Arrigorriagako Paduraren aurka. Lehen mailarako igoera, Ligako lehen postua eta Kopa eskuratuta, Iturripe festa bat izango da kurtsoko azken partidan eta zaleek ere aukera ezin hobea dute mutilei egindako urte bikaina eskertzeko. Bederatzigarren postuan diren bizkaitarrek ezer gutxi dute jokoan partida honetan, zortzi lehenetan sartzea ez bada.
Errugbian, azken txanpan
Errugbian, asteburu honetan Emakumezkoen Euskal Ligako sailkapen faseko azkenaurreko jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Geurea RT-k etxean jokatuko du, kasu honetan Zornotzako Larrea kiroldegian. Arrasate Errugbi Taldeko neskek Urgozo eta Elorriorekin osatutako konbinatuak Durangoren kontra neurtuko ditu indarrak zapatu arratsaldean, 16:30ean hasita, eta bertan egungo bigarren postua sendotzea bilatuko du.
Jokatutako 14 partiduetatik 10 irabazita, Joseba Zabalak zuzendutako taldeak 49 puntu poltsikoratu ditu orain arte, Gaztedi liderretik 13 puntura dagoela. Atzetik, La Unica eta Gipuzkoa Sortzen ditu jarraitzailerik gertukoen, 46 eta 43 punturekin, hurrenez hurren. Zertxobait beherako, bosgarren postuan, Uni Bilbo dago 39rekin.
Gizonezkoen Euskal Ligako 1. mailako sailkapen fasearen azken jardunaldia jokatu zen pasa den asteburuan eta, azken partiduan Elorrion galdu eta gero, Kanpanzar Arrasate behinik behin hirugarren postuan da. Izan ere, egungo laugarren sailkatu Getxok oraindik jokatzeke dauka Atletiko San Sebastianen kontrako neurketa eta, bertan nagusitu eta bonus puntua lortuko balu, talde arrasatearra aurreratuko luke sailkapenean.
Kasu horretan, laugarren sailkatu gisa, Kanpanzar Arrasatek egungo lehen sailkatua izango luke aurkari igoera fasean, hau da, txapeldun izan eta gero zuzenean kategoriaz igotzeari uko egin dion Elorrio. Izan ere, Ohorezko B mailan jokatzeko Espainiako Errugbi Federazioak hainbat betebehar ezartzen ditu, eta talde bizkaitarrak ez ditu betetzen.
Uarkapen jokatuko den jaialdian Ander Muruak egiten duenaren esperoan, Arrasate Pilota Taldeko pilotariek ere euren partidak izango dituzte ondoko karteldegian ikus daitekeenez.





