Mondratek, azkar erreakzionatuta, 3 eta 2 irabazi dio Sestaori

0
1198
erreakzioa

Xabi Gorroñogoitiak bi gol sartu ditu (horietako bat azken minutuan), eta Adrian Fernandezek azken segundoetan geldiketa erabakiorra egin du.

Sestaok atsedenerako 3 minutu falta zirenean gola sartu du, jaurtiketa gogor batekin. Baina etxeko taldeak azkar erreakzionatu du:

Minutu batera berdinketaren gola lortu du Xabi Gorroñogoitiak gauzatutako penalti bati esker. Beraz, atsedenean markagailua banakoa zen.

Bigarren zatiko 2. minutuan Igor Murgoitiok aurretik jarri du bere taldea, eta Jon Zabala entrenatzailearen taldeak ia amaierara arte jakin izan du errentari eusten.

Gainera, gol aukera ugari izan ditu, horietako batean baloiak langan jo du. Hala ere, azken minutuetan Sestao atezain-jokalari sistemarekin arriskatu du, eta gola sartu du partiduaren amaierarako minutu 1 eta 15 segundo falta zirela.

Kolpe handia izan da Mondraterentzat, Sestaok bina berdindu baitu, baina arrasatearrak ez dira berdinketarekin konformatu, eta garaipenaren golaren bila gora egin dute.

Horrela, Jonathan Rasok baloi bat berreskuratzea lortu du, eta Xabi Gorroñogoitiak gola erabakigarria sartu du.

Dena den, Sestaok 35 segundo izan ditu partidua berdintzeko, baina Adrian Fernandez atezainaren geldituari esker, garaipena etxeang geratu da.

“Hiru partidu generamatzan irabazi barik, eta garaipen hau behar genuen” baloratu du Jon Zabala entrenatzaileak. Era berean, entrenatzaileak eskertu du zaletuen babesa.

Datorren jardunaldian talde zuri-moreak Zirauntzaren aurka jokatuko du: “Hemen, lehen itzulian, 3 eta 1 irabazi genien – gogora ekarri du Zabalak – baina denboraldi honetan etxetik kanpo soilik garaipen bat eta berdinketa bat lortu ditugu”.

“Partidu oso zaila izango da, baina ea lortzen dugun azkenean bi partidu jarraian irabaztea. Taldeak merezi du”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen