Mondratek zapatuan du lehen partida, 2020/21ean “igoera fasea helburu”

0
907

Talde arrasatearra, denboraldi-aurre luzea egin ostean, Zirauntzaren aurka jokatuko du. Federazioak “ez du PCRik egingo, taldeok hala eskatu arren” adierazi du Jon Zabala entrenatzaileak. Taldeak baja garrantzitsuak izan ditu, baina baita 4 taldekide berri ere.

Argazkia: MB artxiboa.

Denboraldi-aurrearen hasieran “lagunarteko partidu batzuk jokatu ahal izan genituen, baina gero horiek ere debekatu zituzten” adierazi du talde zuri-moreko entrenatzailea Jon Zabalak.

“Entrenatzen jarraitu ahal izan dugu, eta baliatu dugu bigarren taldeak ezin entrenatzeak, talde honen entrenatzeko orduan lehen taldeak lan-saioa egiteko”.

Beraz, “astean hiru entrenamendu egiten gabiltza, eta sasoian mantentzeko balio digute, baita astea hobeto egituratzeko ere”.

Aurreko denboraldiarekin alderatuta, baja oso garrantzitsuak izan dira: “Jonatan Raso lan-arrazoiengatik Valentziara joan zen eta Jon del Palaciok ixtea erabaki du”. Altak Iban atezain arrasatearra eta 18-19 urteko hiru mutil izan dira: Ceci, Eros eta Christian.

“Ibanek duela hainbat urte Eskoriatzan jokatu zuen, eta orain taldea laguntzeko itzuli da. Beste hiru gazteak Mondrateko harrobikoak dira, baina Eros eta Cecik iaz Eskoriatzan jokatu zuten. Aurten, ordea, Mondratera itzuli egin dira”.

Gainera, “Joseba Palaciosek lesio baten ondorioz aurreko denboraldia jokatu ezin izan zuen, baina lesiotik osatu da eta jokatzeko prest dago. Jokalari garrantzitsua da taldearentzat”.

Covid-19aren ondorioz, 2020/2021 denboraldian Euskal Liga bi multzotan banatzekoa da: “Alde batetik, Gipuzkoako eta Arabako 8 taldeak gaude, eta beste multzoan Bizkaiko 8 taldeak”.

Denboraldiko lehen fasean joaneko eta itzuliko partiduak jokatzea aurreikusten da. Fase horretako 4 talde onenak igoera fasera sailkatuko dira, eta 4 talde txarrenek mailari eusteko fasea jokatu beharko dute”.

Beraz, Mondrateren helburua “play off-etara sailkatzea da, eta nik uste talde polita dugula helburu hori gure buruari jartzeko”.

Bide honetan, lehen partidua larunbat honetarako iragarrita dago, Araian (Araba) Zirauntzaren aurka. “Oso gogorra izango da ziurrenik, aurreko denboraldiko esperientzia izanda: etxeko partidua irabazi genuen eta kanpokoa galdu. Talde oso fisikoa da, txokera jokatzen dute, eta presio indibiduala egiten dute goialdean”.

Hala ere, “partidua irabazteko kapaz gara, eta horretarako gogor entrenatu dugu denboraldi-aurrearen hasieratik. Oso prest gaude lehen 3 puntuak ekartzeko”.

Koronabirusaren testuinguruan, “printzipioz ez digute PCRik egingo. Borrokan gabiltza Euskal Ligako taldeetan probak egin ahal izateko. Hirugarren mailan egiten ei dituzte, 4 euro ordainduta, 15 egunean behin PCRa egiten diete”.

“Euskal Ligan gauza berbera egitea litzateke egokiena, baina une honetan ez dituzte PCRak egiten, eta ez dakigu etorkizunean egingo dituzten edo ez”.

Zaleak oraingoz ezin dira partiduetara joan: “Ea pandemia lehenbailehen bukatzen den eta behintzat hasieran zale batzuk sar daitezkeen. Guretzat oso garrantzitsua da”.

Jon Zabala entrenatzailea baikor azaldu da: “Oso pozik nago taldearekin, beterania eta gaztetasuna elkartzen dituelako, eta taldea play-off-era sailkatzeko kapaz ikusten dut, Euskal Ligako 8 onenen artean”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen