Asteburu honetan amaitu da Ohorezko Erregional Mailaren lehen itzulia eta Mondragon CF taldetik oso balorazio positiboa egin dute klub sarrailagileak lortutako emaitzen inguruan. Mondrak 5. postuan amaitu du 1. itzulia 28 puntu lortuta.
Cristian Levik zuzentzen duen taldeak jokatutako 17 partidetatik 7 irabazi ditu, 7 berdinduta, eta bakarrik 3 galdu ditu. Mondrak 18 gol sartu eta 13 jaso ditu, gol gutxien jaso dituen ligako taldea izanik, Elgoibar, Eibar, Bergara eta Touring taldeekin batera.
Lehen itzuli honetan Levik 26 jokalari erabili ditu, horietatik 24 herrikoak ( % 92). Jokalariek batez beste 8,07 urte daramatzate Mondran. Denboraldi honetan jokalarien batez besteko adina 23,11 urtekoa da. Zarautzen aurka zelairatutako hamaikakoa gazteena izan da, 21,9 urterekin batez beste.
Denboraldi honetan 5 jokalarik egin dute debuta Mondrarekin: Unai Pascual, Xoxin, Txito, Gorka Arizaga eta Joseba Errasti. Klubak azpimarratu duenez, “datu guzti hauek azken urteetan egin dute lana erakusten dute. Denok batera jarrai dezagun horrela!
Aupa Mondra!”