Futbolak irekiko du asteburu honetako kirol jardunaldia. Bihar larunbata, arratsaldeko 16:30ean, Mondra taldeko mutilek Añorga hartuko dute Mojategiko futbol zelaian. Leintz Arizmendi taldeko neskak, berriz, Irunera joango dira igandean Mariñoren aurka jokatzeko. Partida arratsaldeko 17:30ean hasiko da Ugalde-Ventas futbol zelaian.
Areto-futbolari dagokionez, Mondratek Musakola kiroldegian jokatuko du larunbatean arratsaldeko 17:30ean. Elorrioko Buzkantza izango du aurrean. Azpimarratzekoa da Arrasateko taldeak etxean jokatutako 6 partidak irabazi dituela, eta lehen itzulia galdu gabe amaitzeko asmoz kantxaratuko dela.
Zaleek ere saskibaloiaz gozatu ahal izango dute igande honetan Arrasaten. Arratsaldeko 16:15ean Mondragon Unibertsitateko emakumezkoen taldeak Atletiko San Sebastian taldearen aurka jokatuko du Iturripen. Gauza bera egingo du ondoren, arratsaldeko 18:30ean Mondragon Unibertsitateko gizonezkoen taldeak, Zarauzko Ulacia Grupo taldearen aurka, baita Iturripen ere.
Asteburu honetan ere Covidarengatik bi partidu bertan behera utzi dira. Boleiboleko Arizmendik eta Mugarri-Ingouk eskubaloian jokatu behar zituzten partidak atzeratu egin behar izan dituzte. Errugbiari dagokionez, Kanpanzar Arrasate urtarrilaren 23an itzuliko da lehiaketara eta Arrasate/Ordicia urtarrilaren 30ean.