Izadik talde zuri-morearen gola sartu du korner batean, baina tamalez Urnietak 1 eta 4 irabazi du. Datorren jardunaldian Mondra berriro etxean ikusteko aukera izango dugu.

Gabonetako atsedenaren ostean, talde zuri-morea lehiaketara itzuli da gaur arratsaldean, Mojategin.
Partiduari ekiteko, Andoni Ezkurra Zubizarreta entrenatzaileak ondorengo hamaikakoa zelairatu du:
- Atean Camila
- Eskumako hegalekoa Amaiur
- Zentralak Izadi eta Irati
- Ezkerreko hegalekoa Amane
- Erdialdean Udane, Aini eta Alaia
- Eskumako erdilari June
- Ezkerreko erdilari Irati
- Aurrelari Leiba

Partiduko lehen 8 minutuetan tamalez Urnietak 3 gol sartu ditu, eta gure taldeari gauzak maldan gora jarri zaizkio.
Alabaina, ez du amorerik eman eta 27. minutuan korner bat baliatuz, Izadik buruz errematatu du eta baloia sareratu du.

Gol honek taldea hauspotu egin du baina 43. minutuan Urnietak gol ‘psikologiko’ bat sartu du, eta atsedenera 1 eta 4koarekin iritsi gara.
“Atsedenean, eta emaitza ikusita, esan dugu bigarren zatian aurpegia eman behar genuela, eta hala egin dugu”. Bigarren zatian behintzat taldeak ez du golik jaso.

Mondra oraingoz “talde gaztea da – adierazi du entrenatzaileak – eta nire ustez 3 golak jasotzean bukatu da partidua”.
“Orokorrean gaur egindako lanarekin pozik, baina ez lehen 8 minutuekin, bai ordea beste minutu guztiekin”.

Aurrera begira “gure helburua lanean jarraitzea da, eta horretara goaz”. Horrela, datorren jardunaldian Usurbil hartuko du Mojategiko berdegunean:
“Han 1 eta 0 galdu zen, partidu on bat egin zen eta puntuatzeko aukerak izan genituen. Esperantza txiki bat dugu datorren partidutik zerbait positiboa ateratzeko”. Aupa Mondra!




