Arratsaldean Mondra eta UDA taldeen artean jokatu den derbiaren puntuak Aretxabaletako taldearentzat izan dira. Partidua 1-3ko emaitzarekin bukatu da.
Intentsitatez beteriko partida izan da eta Mojategiko harmailak bete dituzten bi taldeen zaleen babesa izan du. Lehen zatian, nahiz eta Mondrak ahaleginak egin dituen, UDAk aurrea hartu du markagailuan, bi gol jarraian sartuta, bat 18. minutuan, eta bigarrena 19. minutuan.
UDAk oraindik hirugarren gol bat egin du bigarren zatian. Hala ere, Mondrak ez ditu besoak jaitsi eta borrokan jarraitu du markagailuari buelta emateko. Partiduaren azken 25 minutuak Arrasateko taldeak egindako futbol onagatik nabarmendu dira, eta, ondorioz, gol bat lortu du partidua amaitzeko 10 minutu falta zirenean. Valle izan da golegilea.
Mondra Mondravemberrekin
Azaroan zehar, topaketak antolatzen dira, gizonezkoen gaixotasunen inguruan kontzientziatzeko asmoz. Mugimendu horri Movember deitzen zaio, eta gizonek bibotea hazten uzten dute azaroan. Arrasateko Mondravember elkarteak partiduaren hasieran Mondra eta UDArekin argazkia ateratzeko aprobetxatu du.