“Mondrak denboraldia ondo hastea aurten garrantzitsuagoa da, liga formatuagatik”

0
634

Koronabirusak talde zuri-morea ere baldintzatzen du, baina ekipoa “jarrera oso ona izatean ari da”, Asier Olaizola entrenatzaileak nabarmendu bezala. “Taldekide batzuek kezkaturik daude” baina “nik taldearengan konfiantza daukat kalitatea eduki badaukalako”.

Asteburu honetan talde zuri-moreak ligari ekingo dio, dena ondo bidean, Mojategin Elgoibarren aurka.

Atzo arratsaldean Asier Olaizola entrenatzailearen taldeak lan-saioa egin zuen Mojategin bertan, denboraldia prestatzen jarraituz.

Gorka Eñara ‘Tibu’, Julen Aranbarri ‘Bak’ eta Mikel Gonzalez ‘Gonzo’ baja izan dira udan, eta euren hutsuneak betetzeko klubak Xabi Olano atezaina berreskuratu du eta Josu Durana zentral gasteiztarra fitxatu du.

“Gainera klubeko harrobiko zenbait gazteri aukera eman diegu, bai Jubenil taldeko Marcori, bai Erregional taldeko Markel Gonzalezi”.

Koronabirusaren ondorioz taldeak koarentena egin behar izan du orain gutxi. Nola eragin dio horrek taldearen dinamikari? “Koarentenak eragiten dizu erabakiak presaz hartzea edo baldintzaturik hartzea. Gure esku zegoen egin dugu”.

Ekipoak 10 egun jokatu barik egon behar izan du, eta ondorioz “planifikazioa egin duzun arren, egoerak baldintzatzen zaitu. Orain masajistak positibo eman du, eta jokalari bat ere koarentenan dago”.

Orokorrean “jokalari batzuk neurri batean beldur dira lagunarteko partiduak direla, eta denboraldiko partiduek kezka eragiten diete. Kontuan hartu behar da, futbolaz aparte, lanak dauzkatela eta futbolean kutsatzeak euren lana baldintza lezakeela. Azken finean erabaki pertsonalak hartu behar dituzte”.

Kontuan hartzekoa da Ohorezko Erregionalean “ez direla PCRak egiten, horretarako dirurik ez dagoelako. Goragoko beste maila batzuetan ere ez dituzte egiten”.

Oztopoak oztopo, “aurrera egin behar dugu dauzkagun baliabideekin eta markatutako bidean”. Bide honetan entrenatzaileak taldea “ondo ikusten dut, ilusioa dauka, gogotsu dago eta nik berarengan konfiantza daukat kalitatea eduki badaukalako. Gainera taldekide kopuru nahikoa dago”.

Hilabete honetan taldearen helburua da “denboraldia ondo hastea, sentsazio onak lortzea, eta indar horrekin aurrera egitea”.

Ondo hasteak 2020-2021ean garrantzi handiago izango du liga formatu berria dela: “Ohorezko Erregionaleko taldeak bi multzotan banatu dira, eta talde bakoitzak 16 jardunaldi jokatuko ditu. Fase horretako talde onenek igoera fasea jokatuko dute, eta txarrenek mailari eustekoa”.

“Igoera fasera sailkatuko bagina, automatikoki mailari eustea lortuko genuke, eta denboraldi honetako gure helburua hurbilago izango genuke: goiko taldeen artean izatea”.

Ordea, “taldea tamalez beheko fasea jokatu beharko balu, egoera okerragoa litzateke, talde asko jaistekoak direlako. Urduritasunak sortuko lirateke, eta egoera oso bestelakoa litzateke”.

Asier Olaizola entrenatzaileak azpimarratu du “oso gustura nagoela jendearekin, jendearen jokabidearekin, eta gure metodora egokitzen ari da. Aurreko denboraldian ez genuen horretarako denbora nahikorik izan, bai ordea 2020/2021ean. Lanerako prest nago”. Aupa Mondra!

mondragoncf.eus

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen