Mondrak 4-0 irabazi dio Euskaldunari, goiko postuetan jarraituz

0
1276

Iker Perezek ‘gol psikologikoa’ sartu du lehen zatiaren amaieran, eta 2. zatian taldeak hobetu du, 3 gol sartuz: Oxel, Valle eta Arroyo.

Mondrak ez du barkatu eta sailkapeneko azken sailkatua, Euskalduna taldea, garaitu du gaur arratsaldean Mojategin.

Talde teknikoak ondoko hamaikakoa zelairatu du: Olano atean; Xoxu, Durana, Aritz eta Jontxu defentsan; Iñigo, Oxel eta Oihan erdialdean; eta Estrella, Iker eta Arripu erasoan.

Euskaldunak 5 defentsa zelairatu ditu, eta atzean itxi da kontraerasoan irteteko. Mondra ez da gustura aritu lehen zatian.

Hala ere, lehen zatia amaitzear zela, Oxelen erdiraketa bat baliatu du Iker Perezek baloia sareratzeko. Beraz, 1 eta 0ekoarekin iritsi gara atsedenera.

Bigarren zatian talde zuri-moreak bizitasun handiagoz jokatu du, bere jokoa garatu du, eta 3 gol gehiago egin ditu:

Oxel Luegok sartu du bigarrena, Julen Vallek hirugarrena eta Ander Arroyok laugarrena.

“Guk baloiaren jabetza izatean ez dugu fin jokatu – azaldu du Ander Ruiz de Azua teknikoak partiduaren ostean -. Atzealdean huts batzuk izan ditugu baina baita gol aukerak aurrealdean ere, asko egin barik”.

Iker Perezen golak “lasaitasun puntu bat eman digu atsedenean”, eta bigarren zatian “eurek bigarren gola jaso dutenean, sailkapeneko azken postuan egonda, uste dut amore eman dutela neurri batean behintzat”.

Oro har, “4-0 irabaztea, partidu osoa kontuan hartuta, agian sari handiegia da baina gure merituak kontuan hartuta, batez ere bigarren zatikoak, uste dut garaipena merezi izan dugula”.

Datorren jardunaldian talde zuri-moreak Eibarren kontra jokatuko du: “Gu irabaztera joango gara, sailkapenean eurengandik 3 puntura jartzera, ilusioarekin eta goian mantentzeko”.

Gaurko partidua Ander Ruiz de Azuak eta Iker Lopezek zuzendu dute, baina Anderrek berretsi du “entrenatzailea Cristian izaten jarraitzen duela, nahiz eta arazo pertsonalengatik aste batzuk kanpoan eman beharko dituen, baina berarekin hartu-emanetan jarraitzen dugu”.

Horretarako “whats appa, PDFak,… erabiltzen ditugu eta entrenatzailearekin hartu-emanetan gabiltza. Berak entrenamenduak aurreikusten ditu, hamaikakoez berba egiten dugu,…”. Azken finean “Cristian, Lopez eta hirurok lan-taldea osatzen dugu”.

Mondrak herritarrei dei bat zabaldu nahi die, izan ere, “Mondra sailkapeneko goiko postuetan dago, gaur lau gol egin ditugu,… eta herritarrak animatzen ditugu partiduetara etortzera eta harmailak betetzera”. Aupa Mondra!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen