Mondrak bina egin du UDAren aurka, 84.ean penaltia kendu diotelarik

0
603

Falta aretxabaletarren area barruan izan den arren, arbitroak ez du Mondraren aldeko penaltia adierazi. Halaber, epaileak jokalari arrasatear bat kanporatu du lehen zatian, erabaki oso polemiko batean. Arrasateko taldeak lider jarraitzen du.

Gari Nuñez entrenatzailearen taldeak, aurreko jardunaldian Billabonan nagusitu ostean, gaur derbia izan du Mojategin.

Aurrean UDA B izan du, eta partidua gure taldearentzat txarto hasi da, aretxabaletarrek gol goiztiar bat sartu baitute.

Hala ere, Mondra ez da kikildu eta penalti bidez berdinketa lortu du, Adiran Fernandezek gauzatu duena. Lehen zatian, baina, epaileak erabaki oso polemiko bat hartu du:

Falta bat egotzi dio aurrez txartel horia adierazia zion Mondrako jokalari bati. Taldeak eta publikoak ohartarazi diote falta Mondrako beste jokalari batek egin duela, baina arbitroak ez du onartu.

Ondorioz, Mondrak 10 jokalarirekin egin behar izan dio aurre derbiaren zati luzeenari. Atsedenaldian markagailua banakoa zen.

Bigarren zatia ere lehiatua izan da, eta 62. minutuan baloiak Mondrako defentsa bati besoan eman dio, eta arbitroak penaltia adierazi du.

Aretxabaletarrek ez dute aukera galdu eta gola sartu dute. Hala ere, arrasatearrek azkar erreakzionatu dute eta bi minutura gola egin dute.

Julen Vallek aldaratze bat baliatu du area txikian baloia sareratzeko. Etxeko taldeak hirugarren golaren bila ere jardun du.

Partidua bukatzear zegoela, 84. minutuan, Adirani UDAren area barruan falta egin diote [goiko lehen bideoan ikusgai].

Arbitroak penaltia adierazi behar zuen, baina ez du horrela egin, bere marrazainekin kontsultatu ostean. Zale zuri-moreek haserre hartu dute arbitroaren erabaki hau ere.

Talde zuri-moreak hirugarrena egiteko aukerak izan ditu baina azkenean ezin sareratu. Hortaz, derbiko azken emaitza binakoa izan da.

Mondrak orain 49 puntu dauzka, sailkapeneko lider jarraitzen du, eta bigarrenarengandik 9 puntura. Datorren jardunaldian Antzuolan jokatuko du, aupa Mondra!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen