Mondragon Unibertsitateko langileak telelanera batu dira

0
593

Eusko Jaurlaritzak osasun-larrialdia eta Estatuko Gobernuak alarma-egoera deklaratu ondoren, eta Mondragon Unibertsitatearentzat lehentasuna izanik unibertsitatean lan egiten duten pertsona guztien osasuna, Mondragon Unibertsitateak bere langile guztiek unibertsitate-jarduera telelan-formatuan egiten jarraitzea erabaki du. Unibertsitateko instalazioetan egin beharreko jarduerak egin behar dituzten langileak baino ez dira sartuko unibertsitatera.


Horretarako, Mondragon Unibertsitateko fakultate bakoitzak bere jarduera-plana diseinatu du, bere titulazioen eta jardueren ezaugarri espezifikoak kontuan hartuta. Mondragon Unibertsitateko campusak, oro har, itxita egongo dira gaurtik aurrera (martxoak 16) eta beste abisu bat eman arte. Gertatzen diren ezohiko inguruabarrak, zalantzarik gabe, aurrekaririk gabeko eta garrantzi handiko osasun-krisia dira, bai eragindako herritarren kopuru handiagatik, bai jasaten ari garen murrizketengatik.

Egoera horren aurrean, Mondragon Unibertsitateak bere ikasle guztien prestakuntzarekiko konpromisoa berresten du, eta bere jarduera akademiko osoa online bidez mantenduko du titulazio guztietan. Izan ere, graduko eta graduondoko prestakuntza egiten ari diren unibertsitateko 6.000 ikasleak, aurrez aurreko formatuan, beren lau fakultateetako campusetako edozeinetan (Ingeniaritza, Enpresagintza, Humanitateak eta Hezkuntza Zientziak, eta Gastronomia), joan den ostiraletik ari dira online modalitatean, edukietara sartzeko hainbat plataformaren bidez.

Unibertsitatearekin harremanetan jartzeko, indarrean jarraitzen dute orain arte erabiltzen aritu diren telefono zenbaki eta posta helbide berberak. Unean uneko egoeraren edozein aldaketaren berri emango da: “Mondragon Unibertsitatetik pertsona bakoitzaren erantzukizun indibidualerako deia egiten dugu, gaixotasunari eusten laguntzeko. Gure esku dago gaixotasunaren hedapenari eustea”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen