Mondragon Unibertsitateko ikasleen berrikuntza eta ekintzailetza protagonista izango dira egunotan. Alde batetik, unibertsitateko bi ikasle-proiektuk Liderpack 2026 ontzien lehiaketa nazionalean saria jaso dute, Gazte Diseinuaren kategorian. Bestetik, Market Berri programaren laugarren edizioa abiaraziko dute gaur, azaroaren 5ean, Oñatiko campusean, tokiko merkataritzaren erronkei erantzuteko ikasleek garatutako 18 ideia berritzaile aurkezteko.
Liderpack sariek ontzien berrikuntza eta jasangarritasuna aitortzen dituzte. Espainiako Packaging Elkarteak eta Fira de Barcelonaren Hispack azokak sustatzen dute lehiaketa, eta aurtengo edizioan 12 unibertsitate eta prestakuntza-zentrotako 18 proiektu saritu dituzte Gazte Diseinuaren kategorian. Horien artean daude Mondragon Unibertsitateko Fracta eta AERIS.
Fracta Iñaki Aldazabalek, Saioa Pérezek, Amaia Resanok eta Lorea Zaballosek garatu dute. Aire-frijigailuan zuzenean kozinatzeko ontzia da, CPET material bakarrarekin fabrikatzeko diseinatua; material hori % 100 birziklatua eta birziklagarria da. Egitura modularra du, eta bi konpartimentu haustura-sistema baten bidez bereiz daitezke. Horrela, osagai bakoitza bere aldetik kozinatu daiteke, bakoitzaren denbora- eta tenperatura-beharretara egokituta.
AERIS, berriz, Ane Pelayok, Garazi Portillok eta Yaiza Zuazok diseinatu dute, haragi-produktuetarako. Aire-frijigailuaren tenperaturak jasateko gai diren materialez egina dago, eta barruan zulodun erretilu bat du. Horri esker, egoste-prozesuan produktuaren koipea beheko erretilura iragazten da, eta aire beroaren zirkulazioa hobetzen da. Diseinuak elikagaiaren testura eta azken emaitza hobetzea eta egosketa uniformeagoa lortzea du helburu.
Bi proiektuek nazioarteko fasera igarotzeko aukera lortu dute. World Packaging Organisation erakundeak antolatutako WorldStar Student lehiaketan Espainiaren ordezkari izango dira, beste 35 herrialdetako ikasleen proposamenekin batera. Nazioarteko ebaluazioa abenduaren 7an egingo dute, eta urtarrilaren 29an jakinaraziko dituzte emaitzak. Liderpack sariak dira WorldStar Global Packaging Awards lehiaketan Espainia ordezkatzeko bidea ematen dutenak.

Market Berri, tokiko merkataritzaren erronkei erantzuteko
Unibertsitateko ikasleen berrikuntza-gaitasuna izango da, era berean, Market Berri programaren laugarren edizioaren ardatza. Ekimenak gaur egingo du aurkezpen-jardunaldia Mondragon Unibertsitateko Enpresa Fakultatean, Oñatiko campusean. Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Zuzendaritzarekin elkarlanean sustatzen dute programa, gazteen talentua tokiko merkataritzaren benetako beharretara hurbiltzeko.
Urriaren 7an ezagutarazi zituzten edizio honetako erronka estrategikoak, eta ordutik Bilboko, Irungo eta Oñatiko LEINN laborategietako taldeek 18 proiektu-ideia landu dituzte. Proposamenen azken hautaketa Poll Unit plataformako bozketa ireki baten bidez egin dute; sektoreko eragileek ikasleen bideo-pitchak ikusi eta baloratzeko aukera izan dute.
Jardunaldiari hasiera instituzionala emango diote Izaskun Gómez Cermeñok, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariak, eta Siv Bermeosolok, MTA-MUEko koordinatzaileak. Ondoren, “Merkataritzaz hitz egingo dugu?” mahai-inguruan, Erase1vez eta La Visionaria Gazta Dendako sortzaileek beren esperientziak partekatuko dituzte ikasleekin. Horrez gain, Oñati Labeko LEINN Graduko Olaia Garciak, Jare Landak eta Irati Telleriak KÜME proiektua aurkeztuko dute, menopausian dauden emakumeei aldaketa fisiko eta emozionaletan laguntzeko diseinatutako produktua.
Jardunaldian edizio honetako zazpi ideia irabazleak eta aurreko edizioko beste bi proiektu ere ezagutaraziko dituzte. Hautatutako taldeek Market Berriren laguntza jasotzeko aukera izango dute proposamenak garatzen jarraitzeko, eta bi minutuko aurkezpenak egingo dituzte. Ondoren, Proiektuen Merkatua antolatuko dute Oñatiko MTA Laborategian, 18 proposamenak gertutik ezagutzeko eta parte-hartzaileen arteko harremanak sustatzeko.

Bost erronka merkataritza biziberritzeko
Market Berriren laugarren edizioan hautatutako proiektuek bost ardatz estrategikoren inguruan egingo dute lan. Lehenengoa lokal hutsak berrerabiltzea eta kaleetako merkataritza-erakargarritasuna berreskuratzea izango da. Bigarrena, desgaitasuna duten pertsonentzat espazio eta zerbitzu irisgarriagoak eta inklusiboagoak sustatzea. Hirugarrenak negozioen belaunaldi-erreleboa erraztea izango du helburu; laugarrenak, berriz, logistika, etxez etxeko banaketa eta arreta pertsonalizatua bezalako balio erantsiko zerbitzuak garatzea. Azkenik, udalerri txiki eta zahartuetako merkataritza biziberritzeko proposamenak landuko dituzte.




