Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak graduko, masterreko eta doktoregoko diplomak emango dizkie 942 egresaturi

0
674

Aurten bi ekitaldi egingo dira:atzo, hilak 14 (osteguna), 2019ko eta 2020ko promozioetako masterreko eta doktoregoko ikasleek jaso zituzten diplomak, eta, gaur, hilak 15 (ostirala), bi promozioetako graduko ikasleek; izan ere, pandemiaren ondorioz, ekitaldi horiek ezin izan dira orain arte egin.

Testua: Mondragon Unibertsitatea.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ondoz ondoko bi ekitaldi antolatu ditu aurten, 2019ko eta 2020ko graduko, masterreko eta doktoregoko egresatuei diplomak emateko. Guztira, 942 ikasleri. Izan ere, pandemia dela eta, ikasle horiek aurten arte itxaron behar izan dute diploma ofiziala jaso ahal izateko; horregatik banatu da ospakizuna bi egunetan. Ikasleek eta senideek hartu ahal izango dute parte, baina gonbidapen-kopuru mugatua egongo da. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira ekitaldiak, YouTube plataforman.

Bi-biak Donostiako Kursaal jauregian egingo dira, 18:00etik aurrera. Hain zuzen, atzo, hilak 14, osteguna, 2019ko eta 2020ko promozioetan masterreko ikasketak amaitu dituzten 338 ikasleek jaso zituzten diplomak (2019ko 150ek eta 2020ko 188k). Horiez gain, 35 doktoreri eman zitzaien titulua: 2019ko promozioko 13ri eta 2020ko promozioko 22ri. Eta, gaur, graduko ikasleen txanda izango da. 569 ikasle izango dira guztira: 2019ko promozioko 269 eta 2020ko promozioko 300. Bi ekitaldiotan honako hauek hartuko dute parte: Vicente Atxak, Mondragon Unibertsitateko errektoreak; Carlos Garcíak, Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile nagusiak, eta Nekane Errastik, Eskolako koordinatzaile akademikoak. Gainera, atzo, hilak 14, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendari Miren Artaraz ere bertan izan zen.

Ekitaldiok 18:00etan hasi eta 20:00etan amaituko dira. Egresatuei diplomak eman ostean, Mondragon Unibertsitateari lotutako pertsona banak hitzaldia emango dute bi egunotan, haiei mezu motibatzailea emateko. Atzo, Txomin García LABORAL Kutxako lehendakariaren txanda izan zen, eta, gaur, Iñigo Lazkanotegi Tecnaliako proiektu-koordinatzailearena.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen