Gaur arratsaldean lehen mailako emakumezkoen Mondragon Unibertsitatean eta Ibaizabalen arteko partidua jokatu da Iturripe kiroldegian. Partidua Ibaizabalen garaipenarekin amaitu da 57-60ko emaitzarekin.
Azken markagailuagatik hala dirudien arren, Mondragon Unibertsitateari asko kostatu zaio jokoan sartzea. Ibaizabal nagusi izan da lehen zatian, Arrasateko taldearen erasoa asko zailduz. Atsedenaldira 17 punturengatik galtzen joan da Mondragon Unibertsitatea (20-37). Bigarren zatian Iñaki Ogaranen taldea suspertu egin da, eta pixkanaka markagailuko aldea murrizten joan da, azkenean partidua 3 puntugatik galdu dutelarik. Mondragon Unibertsitateko saskiratzaile nagusiak Izar Bedia eta Naroa Zabala izan dira, 18 punturekin.