Mondragon Unibertsitatearen Iturripeko campusak 50 zuhaitz-espezie baino gehiago ditu bere lorategian

0
347

Arrasateko campusa harribitxi botanikoa da, eta, besteak beste, ezkiak, haritz amerikarrak, koniferoak edo sekuoiak nabarmentzen dira, baita bertako beste espezie batzuk ere, hala nola artea, artelatza, hagina eta pagoa.

Testua: Mondragon Unibertsitatea.

Zuhaitzen munduko eguna izango da bihar. Planetaren birikatzat jotzen ditugu zuhaitzak, airea garbitzen eta klima erregulatzen laguntzen baitute. Bada, Mondragon Unibertsitateko Iturripeko campusak (Larramendi, 4) 50 zuhaitz-espezie baino gehiago eta 100 bat zuhaitz ditu bere eremuan; hori dela eta, unibertsitatearen birika ez ezik, benetako lorategi botanikoa ere bada, aztertzeko modukoa. Lorategi gaztea da, zuhaitz gehienak 90eko hamarkadan landatu baitzituzten; beraz, 40 urte inguru dituzte orain.

Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoak ingurumen-gaiak hobetzera bideratutako lantalde bat du, eta energia-kontsumoaren murrizketan zentratzeaz gain, biodibertsitatearen gaiak ere lantzen ditu. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ingurumen taldeak urte asko daramatza lorategi hau zaintzen.

Orain, lorategia eta bere espezieak ezagutarazi nahi dizkiete Arrasateko herritarrei edo gaian interesa duen edonori; izan ere, «balio handia du, bai zuhaitzen barietateengatik, bai espezieen kopuruagatik» adierazi dute Goi Eskola Politeknikotik.

Bertako eta lorezaintzako hainbat espezie

Espezieen artean, ezkiak (Tilia platyphyllos eta Tilia cordata) eta haritz amerikarrak (Quercus rubra) dira ugarienak. Koniferoen barruan, honako hauek aurkituko ditugu: izei gorria (Picea abies), izei espainiarra (Abies pinsapo), Lawson altzifrea (Chamaecyparis lawsoniana), Himalaiako zedroa (Cedrus deodora), Atlasko zedroa (Cedrus Atlantica), horietako bat tamaina handikoa, eta Ginkgo biloba bat, lurrean 250 milioi urte baino gehiago daramatzan fosil biziduna.

Aipatzekoa da bi sekuoia luze (Sequoia sempervirens) ere badirela. Zuhaitz hori 100 metro izatera irits daiteke eta Monterron parkean (Arrasate) eta Etxezarreta parkeko lorategi botanikoan ere ikus daitezke.

Bestalde, hemengo barietateen artean honako hauek ditugu: bertoko haritza (Quercus robur), artea (Quecur ilex), artelatza (Quercus suber), hagina (Taxus baccata), pagoa (Fagus sylvatica), zumarra (Ulmus graba), gaztainondoa (Castanea sativa) eta lizarra (Fraxinus excelsior).

Lorezaintzan asko erabiltzen diren espezieak ere badira: aranondo gorria (Prunus cesarifera Pisardii), indimetrea (Lagerstroemia indica), amodio-zuhaitza (Cercis siliquastrum), katalpa (Catalpa bignonioides), indi gaztainondo arrunta (Aesculus hippocastanum) eta magnolia (Magnolia soulangeana). Eta azkenik, euskal lorategietan hainbeste ikusten ditugun magnolia lore-handia (Magnolia grandiflora), xarma arrunta (Carpinus betulus), astigar zuria (Acer pseudoplatanus) eta likidanbarra (Liquidambar styraciflua) ere aurkituko ditugu campusean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen