Mondragon Unibertsitateak, SD Eibarrek eta WATS Teamek akordio bat sinatu dute “prestakuntza eta enplegagarritasuna” sustatzeko kirolean

0
493

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak, SD Eibar futbol-klubak eta WATS Teamek (erreferentziazko erakundea kirol-prestakuntza profesionalean eta kirol-arloko indarkeriaren prebentzioan) akordio bat sinatu dute kirol-arloko prestakuntza, profesionalizazioa eta enplegagarritasuna sustatzeko, bi unibertsitate-programaren bitartez: Kirol Enpresako Berrikuntza eta Kudeaketarako Masterra eta Kirol Berrikuntzan Graduondoa.

Hitzarmena Ipuruan sinatu da, klubaren estadioan, eta bertan parte hartu dute: Lander Belokik, Enpresagintza Fakultateko dekanoak; Mikel Larrañagak, Eibar Kirol Elkartea Fundazioko lehendakariordeak; Jon Ander Ulaziak, Eibar Kirol Elkarteko kontseilari ordezkariak; eta Alex Navarrok, WATS Teameko fundatzaileetako batek.

Hiru alderdien artean garatutako ekimena kirol-arloko prestakuntza areagotu beharretik abiatu da, bi unibertsitate-programa horien bidez. Programa horietan, klubeko adituek parte hartuko dute hainbat arlotan, hala nola enpresa-kudeaketan, komunikazio-estrategietan edo klubaren nazioartekotze-ereduan. Gainera, hitzarmenak beka-programa bat du klubeko kirolarientzat eta beren lan-jarduera bertan garatzen duten pertsonentzat, baita praktiketako programa bat ere, bi programetako parte-hartzaileentzat. 

Mondragon Unibertsitateak eta WATS Teamek programen zehaztasunak eman dituzte, biak ere aitzindariak Euskadin eta Estatuan.

Kirol Berrikuntzako Graduondoa 27 eta 50 urte bitarteko profesionalei dago bideratuta, kirol-sektorean kokatuta dauden beren enpresetan berrikuntzak egin nahi dituztenei edo kirol-arloko enpresa-proiektu bat abian jarri eta garatzeko prest daudenei. Prestakuntzaren eta laguntzaren bitartez, “executive” programari esker, profesionalak aurrera egiteko gai izaten dira kirol-sektorean. Programak bi edizio izan ditu, eta horietan 25 pertsonak parte hartu dute guztira; programaren hirugarren edizioa martxoan abiaraziko da (www.wats.team/wats-expert-online/).

Izena emateko epea zabalik

Bestalde, Kirol Enpresako Berrikuntza eta Kudeaketarako Masterra kirola gogoko duten eta duela gutxi graduatu diren 22 eta 27 urte bitarteko gazteei dago bideratuta, kirol-sektorean lan egiteko gaitu eta kirol-arloko beren enpresa-proiektua modu praktikoan osatu nahi dutenei. Gaur egun, programaren lehen edizioa garatzen ari da, eta dagoeneko irekita dago bigarren edizioan izena emateko prozesua (www.wats.team/wats-master/).

Lankidetza hori lehen abiapuntua da, hiruen artean, helburu hauek lortze aldera lan egiten jarraitzeko: kirolaren balioak sustatzeko, kirol-sektorearen profesionalizazioan eta prestakuntzan sakontzeko, kirol-indarkeriaren aurka kontzientziatzeko eta etorkizunean baterako ekintzak garatzeko. 

Bi programetako irakasleen artean, eliteko kirolaren munduko hainbat aurpegi ezagun daude, WATS Taldearekin lotuta: Vicente del Bosque (hautatzaile nazional ohia), Julen Guerrero (Sub17ko hautatzaile nazionala eta Athletic Klubeko jokalari ohia), Xabi Prieto (Realeko jokalari ohia), Patricia Ramírez (kirol-arloko psikologoa, idazlea eta hizlaria), Jero García (boxeatzaile profesional ohia eta “Hermano Mayor” telebista-saioko aurkezlea), eta beste hamabost profesional nabarmen, enpresa-kudeaketaren, ekintzailetzaren, negozio-garapenaren, marketinaren edo komunikazioaren arlokoak, besteak beste. 

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen