Mondragon Unibertsitateak Santurtziri derbia irabazi dio (74-71)

0
211

Garaipenean Imanolek 19 puntu eta 16 errebote lortu ditu. Atsedenean sarturtziarrak aurretik ziren (31-36) baina eurentzat gehiegizko zama izan da jaurtiketa libreen %50ean kale egitea.

Argazkia: Angel Ayastuy.

Lehen laurdena parekatua izan da, baina bigarrenean santurtziarrek markagailuan aldea lortu dute, besteak beste, Oier de las Herasi esker, denera 18 puntu saskiratu dituena.

Hala ere, aldageletatik hobeto kantxaratu da Julen Berrocal entrenatzailearen taldea, eta hirugarren laurdenaren amaieran Ointxe aurretik zen: 49 eta 48.

Gaurko partiduan Mondragon Unibertsitateko jokalari baliotsuena Imanol Orue-Mazaga izan dugu: 19 puntu saskiratu ditu (horien artean hiruko bat), 16 errebote lortu eta 32 puntuko balorazioa jaso du.

Gainera, Santurtzik 14 jaurketa libreetatik 7 ez ditu saskiratu, eta portzentaje hori txikiegia izaten da normalean partidu bat irabazteko.

Azken uneak etxeko taldeak hobeto jokatu ditu, eta garaipena etxean geratzea lortu du: 74 eta 71. Taldea sailkapenaren erdialdean da 23 punturekin.

Datorren jardunaldian Ointxek derbia izango du Tolosaren aurka, berriro ere etxean jokatuz. Tolosarrak sailkapenaren behealdean daude, aupa Ointxe!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen