Testua: MB artxiboa.
Mondragon Unibertsitateak bihar jokatuko du Santurtzin EBA ligako Euskal Kopako lauko finala. Arrasateko taldeak kopa finaleko anfitrioiaren aurka jokatuko du finalerdietan, goizeko 12:30ean, Mikel Trueba kiroldegian.
Joan den larunbatean Donostira Easoren aurka egindako bisitan arrasatearrek porrota jaso bazuten ere, Zarautzen aurka lortutako garaipen zabalak eta Easok Zarautzen aurka lortutako garaipenak Euskal Kopako Lauko finala jokatzeko aukera eman die.
Bizkaitarrek euren multzoko bi partiduak irabazi dituzte, Leioaren eta Baskoniaren aurka, eta denboraldi honetarako oso talde lehiakorra egin dute. Etxean jokatzeaz gain, Euskal Kopa irabazteko faboritoak dira.
Mondragon Unibertsitatean Easoren aurkako partiduaren ondoren baino ez dago hobetzeko tarterik, ez baitzen batere ondo atera, eta asko nabaritu zen talde berrien sintonia falta, eta, oro har, talde entrenamenduen falta.
Euskal Kopako beste finalerdia larunbatean jokatuko dute, 10:00etan, Easok eta Baskoniak. Igandean arratsaldeko 18:30etan finala jokatuko da bi partidua hauek irabazi dituzten bi taldeen artean.