Mondragon Unibertsitateak, New Yorkeko The New Schoolek eta Mondragon Korporazioak hitzarmena sinatu dute

0
505

Ekimenaren helburua da “munduan prestakuntza eskaini eta kooperatiba digitalak sortzea”.

New Schooleko Institute for the Cooperative Digital Economy institutuak eta Mondragon Unibertsitateko Mondragon Team Academy sareak Platform Coops NOW programa sortu dute Ekainaren 1ean abiatu dute online ekintzailetza-programa, eta dagoeneko 46 herrialdetako 400 lagunek baino gehiagok eman dute izena Munduan lanpostu duinak sortzen laguntzea da helburua, COVID-19aren krisiak ekarriko dituen premiei eta ezegonkortasun ekonomikoari erantzute alder

«Esperimentuaren ordua da, eta New York da lekua, gizarte-zientzien munduko laborategirik handiena delako eta berezko indarrez erakartzen dituelako ikasleak eta hezkuntzaren eremuko liderrak» («This is the hour for the experiment; and New York is the place, because it is the greatest social science laboratory in the world and of its own force attracts scholars and leaders in educational work»). 1919an The New School for Social Research sortu zuteneko manifestuan jasotako hitzak dira. 2005ean, jarduera-eremua zabaldu zuela eta, erakundeak The New School izena hartu zuen.

New Yorkeko The New School unibertsitateko Ekonomia Digital Kooperatiboko Institutuak, Mondragon Team Academyk (Mondragon Unibertsitateko nazioarteko ekintzailetza-sareak) eta MONDRAGON Korporazioak prestakuntzarako hitzarmena sinatu dute, kooperatibismo digitala mundu mailan sustatzeko eta plataforma digitalen bidez kooperatiben ekintzailetza bultzatzeko. Era horretako elkar-lankidetzarako guneak sortzea da asmoa, enplegu duinerako aukerak eskaini ahal izateko eta mundu mailan langabeziari aurre egiteko, bereziki pandemiak gehien kaltetutako lekuetan. Hitzarmena konfinamendu-garaian prestatu dute, COVID-19aren ondoriozko krisi ekonomiko eta sozialari azkar erantzuteko.

Prestakuntza-proposamenak interesa piztu du eta 1.000 lagun inguru hurbildu dira jada informazio eske. Horregatik, prestakuntzaren bigarren edizioa urrian egiteko aukera aztertzen ari dira sustatzaileak. Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatea arduratuko litzateke bigarren edizioa kudeatzeaz, lehenengoa New Yorketik kudeatu ondoren. Oraingoz, 46 herrialdetako 400 lagunek baino gehiagok eman dute izena programan. Joan den ekainaren 1ean jarri zen martxan eta uztailaren 24an bukatuko da.

Plataforma-kooperatibak.

Nazioarteko prestakuntza-proiektua aurrera eramateko konpromisoa hartu dute bi erakundeek, eta plataforma-kooperatibei buruzko online ekintzailetza-ikastaroa antolatu dute, ekainaren 1ean hasi eta uztailaren 24an bukatuko dena. Plataforma-kooperatibismoa kooperatibismoaren «eguneratze» bat da, eta balio berberei eusten die.

Ikastaroa langabeei eta batez ere zerbitzuen sektorean lan bila dabiltzan pertsonei zuzenduta dago, eta, era berean, nazioarteko komunitateko mota guztietako ekintzaileei. Irakasgaiei dagokienez, besteak beste, lan elkartuko kooperatiben balioak eta ezaugarriak aztertuko dituzte. Plataforma kooperatiboak garatzeko ekintza-planarekin bukatuko dute ikastaroa.

Programaren lantaldeko buruak honako hauek izango dira: R. Trebor Scholz, The New School unibertsitateko Ekonomia Digital Kooperatiboko Institutuaren sortzaile eta zuzendaria, eta Jose Mari Luzarraga, Mondragon Unibertsitateko teamcoacha eta Mondragon Team Academy nazioarteko ekintzailetza-sarearen sortzaileetako bat.

Plataforma-kooperatibismoaren ekosistemak hainbat plataforma eta ekimen biltzen ditu, eredu ekonomiko horren euskarri direnak sarean. Plataforma kooperatiboek produktuen, edukien eta zerbitzuen ekoizpena eta banaketa bideratzen dituzte. Jabekidetasunaren eta gobernantza demokratikoaren printzipio kooperatiboek bereizten dituzte antzeko beste plataformetatik (ebay, airbnb, itunes, facebook…). Gutxi edo gaizki ordaindutako mikrolanen eta ekonomia kolaboratiboko plataformen tsunamiari aurre egiteko sortu dira. Izan ere, horietan, langile dituzten pertsonen lan-eskubideak murrizten dira.

Ikastaroari buruzko informazio gehiago: https://platform.coop/blog/cooperativas-de-plataforma-ya-un-curso-de-emprendimiento-online-para-crear-cooperativas-de-plataforma/
Izena emateko kontaktua: pcc@newschool.edu

The New Schooli buruzkoak.

Unibertsitate mota berria New York hirian. Bertan, akademikoek, artistek eta diseinatzaileek bat egiten dute konbentzionala denari aurre egiteko eta aldaketa positiboa sortzeko, munduko hiririk bizienetako eta askotarikoenetako batean daudela aprobetxatuz. The New Schoolen barruan daude, halaber, Parsons School of Design, Eugene Lang College of Liberal Arts, College of Performing Arts, The New School for Social Research, Partaidetza Publikoko Eskolak eta Parsons Paris.

1919an sortu zenetik, The New Schoolek berriro diseinatu eta zehaztu ditu pentsamendu intelektual eta sortzailearen mugak, zentro akademiko gailen gisa. Hezkuntzaren inguruan duen ikuspegi zorrotz eta dimentsio anitzekoak diziplinen arteko hormak desegiten ditu eta buru aurrerakoiak elikatzen laguntzen du. Ikasleek askatasun akademikoa dute eta bakoitzak bere ibilbidea antola dezake, konplexua den eta azkar aldatzen ari den mundura begira.

Fakultatea abangoardiakoa da, eta munduan ospetsuak diren ikasle ohiak ditu. Hala, munduan eragina izango duten eta gure garaiko premiazko arazo sozialak konponduko dituzten ikasleak trebatzeko konpromisoa du.

MTA-Mondragon Team Academy: 10 urte baino gehiago berritzen.

Mondragon Unibertsitateak, Mondragon Team Academyren bitartez, 10 urte baino gehiago daramatza hezkuntza ekintzaileko metodologia berritzaileak garatzen. Ildo horretan, erreferente garrantzitsua bilakatu da, batez ere Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzako Europako Gradu Ofiziala (LEINN) garatzean. Gradu hori zenbait laborategitan eskaintzen dute: Irunen, Oñatin, Bilbon, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Mexikoko Querétaron eta Pueblan, eta Shanghain (Txina). Azpimarragarria da gradudunen % 35ek startup bat sortu duela edo horretan diharduela —30en bat daude gaur egun—, eta % 50 barne-ekintzailetzako eta berrikuntzako proiektuak garatzen ari dela jada abian diren enpresetan. Beraz, tituludunen profila emankorra izaten ari da enpresen eta gizartearen ekosisteman.

Proiektuaren nazioarteko izaera da gako nagusietako bat; izan ere, Mondragon Team Academyren laborategi-sareak hainbat bazkide ditu laborategi horiek garatzeko: TEAMLABS Madrilen eta Bartzelonan, Florida Universitaria Valentzian, TZBZ aholkularitza-enpresa LEINN Internationalerako, UMx Querétaron eta IBERO Pueblan. Gaur egun ekimen berriak daude abian hiri hauetan: Seulen (Korea), Seattlen (AEB), Bogotan (Kolonbia) eta Nairobin (Kenya).

Mondragon Unibertsitateari buruzkoak.

Mondragon Unibertsitatea unibertsitate praktikoa, berritzailea eta konprometitua da, pertsonen garapenean oinarritua, enpresaren eta gizartearen beharretara bideratua, mundu errealeko erronkei aurre egiteko pentsatua, non ezagutzak eta ezagutzaren aplikazioak ez duten mugarik.

Unibertsitate kooperatiboak gizarte-eskuragarritasuna bermatzen du enpresak eta erakundeak inplikatuz, prestakuntza dualaren bidez, ikerkuntzaren transferentzia garatuz eta etengabeko prestakuntza eskainiz.

Ingeniaritzak, enpresa-kudeaketa, ekintzailetza, hezkuntza, komunikazioa, kooperatibismoa eta gastronomia ditu espezialitate.

Kalitateari dagokionez, estatuko eta nazioarteko rankingek bermatzen dute Mondragon Unibertsitatearen kalitatea. U-Multirank rankingaren arabera, Mondragon Unibertsitatea estatuko lehen tokian dago ezagutzaren transferentziaren arloan, eta bigarrena da eskualdearen garapenarekiko konpromisoari eta egiten duen ekarpenari erreparatuta. Gainera, kanpoko finantzaketa eskuratzeari dagokionez, bikain kalifikazioa lortu du.

CyD rankingak dioenez, Mondragon Unibertsitatea errendimendurik handiena duten estatuko 6 unibertsitateen artean dago. Azkenik, U-Ranking delakoan, Mondragon Unibertsitatea irakaskuntzaren errendimenduaren arloan nabarmendu da, besteak beste, eta horretan 2. tokian dago.

Mondragon Corporationi buruzkoak.

Izaera kooperatiboa duen enpresa-taldea da. Mundu globalean lehiatzen duten ehunen bat kooperatiba biltzen ditu, pertsonen protagonismoa eta guztion aurrerabidea ardatz dituen enpresa-eredua dutenak. Iaz 12.000 milioi eurotik gorako fakturazioa izan zuen eta 80.000 langile baino gehiago ditu

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen