Mondragon Unibertsitateak nazioarteko gradu bikoitza eta aipamen dual berriak jarriko ditu martxan

0
2581

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eskaintza akademikoa zabalduko du 2026-2027 ikasturtean. Hala, nazioarteko gradu bikoitza eta bi aipamen dual berri jarriko ditu martxan, prestakuntza dualaren aldeko apustua indartuz.

Berrikuntza nagusien artean dago Ikus-entzunezko Komunikazioko eta Diseinu Grafikoko Nazioarteko Gradu Bikoitza. Programa bost urtekoa izango da, eta Mondragon Unibertsitatearen eta Mondragón México unibertsitatearen arteko lankidetzari esker eskainiko da. Ikasketak Aretxabaletan eta Mexikon egingo dituzte ikasleek, bi erakundeek aitortutako titulua lortzeko aukerarekin.

Bestalde, Humanitate Digital Globaletako Graduko Aipamen Duala ere eskainiko dute, eta horrek unibertsitatea Estatuan humanitateen arloan modalitate duala eskaintzen duen lehen erakunde bihurtuko du. Eredu horri esker, ikasleek prestakuntza akademikoa eta enpresetako egonaldiak uztartuko dituzte.

Horrez gain, Kooperatibismoko eta Kudeaketa Sozioenpresarialeko Unibertsitate Masterrak ere aipamen duala izango du aurrerantzean. %100 online izango den master honek gizarte-ekonomiako erakundeetan trebatzeko aukera emango du, ikuspegi praktiko eta eraldatzailearekin.

Eskaintza berriarekin, fakultateak sei gradu eta bost master eskainiko ditu, eta Mondragon Unibertsitateak prestakuntza dualean duen lidergoa sendotuko du. Gaur egun, unibertsitateak 12 gradu eta 15 master eskaintzen ditu modalitate dualean, 900 enpresa eta erakunderekin lankidetzan eta 50 urte baino gehiagoko esperientziarekin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen