Mondragon Unibertsitateak master bat jarriko du abian ideiak eta negozio-hobi berriak identifikatzeko

0
327

Silver Economyrako Ekintzailetza Teknologikoko Masterrak zilarrezko ekonomiarekin lotutako negozio-aukera berriak aztertzea du helburu.

Testua: Mondragon Unibertsitatea.

Aurreikuspenen arabera, Euskadiko biztanleriaren % 45 baino gehiago 55 urtetik gorakoa izango da 10 urtean, eta Europan, 2025ean, 88 milioi herritar baino gehiago egongo dira adin horretatik gora.Bizi-itxaropena gero eta handiagoa da, eta jaiotza-tasa, gero eta txikiagoa, eta horrek demografia-aldaketa eta biztanleriaren zahartzea ditu ondorio. Horrez gain, erronka ugari dakartza berekin egungo gizartearentzat, bai eta zilarrezko ekonomiarekin lotutako negozio-aukera berriak ere, eta, beraz, negozio-aukera eta enplegu berriak hainbat diziplinatako profesionalentzat. Bizitzako etapa horretan dauden pertsonen beharrak identifikatzeko eta horiei erantzuteko ekimenak diseinatzeko beharraz jabetuta, Mondragon Unibertsitateak Silver Economyrako Ekintzailetza Teknologikoko Masterra jarriko du abian urrian, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Nagusi Intelligence Centrearen laguntza izango du.

Masterraren helburua berrikuntza- eta ekintzailetza-prozesuak gidatzeko eta bideratzeko gai diren profesionalak prestatzea da, demografia-aldaketaren erronka horri erantzuteko. Hala, pertsonak ardatz dituen diseinuaren metodo eta tresnen bidez, profesional horiek gai izango dira adinekoen funtsezko beharrak identifikatzeko eta, horiei erantzute aldera, erakargarriak diren produktu eta zerbitzu berrien baliozko proposamenak egiteko. Hona hemen helburua: ideia teknologikoetan oinarritutako ekintzailetza sustatzea eta euskal silver economyaren edo zilarrezko ekonomiaren garapenean inpaktu handia izatea, eta, horri esker, hura osatzen duten pertsonen (adinekoen) bizi-kalitatea hobetzea. Honako hauei lotutako ideiak datoz bat masterrarekin: kirola, aisialdia, bidaiak, gailu ortoprotesiko edo medikoak, telelaguntza edo etxez etxeko arreta integrala, gailu edo sentsoreak, elikadura osasungarria, appak, ingurune lagunkoiak, aurrezkiak, izapideak eta abar.

Askotariko profilak

Masterra hiru arlotako profilei dago zuzenduta: lehenik eta behin, profesional sozio-sanitarioei; bigarrenik, ingeniaritzako, teknologia-ikasketetako edo arkitekturako profesionalei, eta, hirugarrenik, enpresa-arloko profesionalei. Baldintza hau bete behar dute, ordea: adinekoen premiei buruzko ezagutza sakona osatu nahi izatea. Helburua da baliozko produktu eta zerbitzuen soluzio berriak proposatzea eta diseinatzea, edo demografia-aldaketarekin lotutako aukerak identifika ditzaketen negozio berriak kudeatzea.

Masterra aurrez aurrekoa izango da (1.500 ordu), eta Urduliz Dorrean (Bizkaia) emango da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Nagusi Intelligence Centrearen egoitzan (izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak babesten du masterra). Hiru fase izango ditu: lehenengoa, prestakuntzarako, bi hilabete eta erdikoa; bigarrena, silver economyarekin lotutako erakunde batean (osasun-zentro edo enpresa batean) murgiltzeko, hilabete eta erdikoa, eta azken fasea, lau hilabetekoa, proiektua garatzeko eta zilarrezko ekonomiarekin lotutako negozio berri bat proposatzeko. Parte-hartzaile guztiek beka bat lortzeko aukera izango dute, matrikularen kostuaren % 60 estaltzeko.

Argibide gehiago hemen:https://www.mondragon.edu/eu/silver-economy

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen