Koordinatzaile eta tutore lanetan aritu direla eta arazoei irtenbideak ematen ere parte hartu dutela jakinarazi dute azkenengo egunetan
Mondragon Team Academy-k unibertsitateak bazkide gisa parte hartu du Europa mailan ospatu den hackatonean. Askok ezaguna duten ekimen honetan gizarte zibila, ekintzaile berritzaileak, bazkideak eta inbertsoreak elkarlanean jarri dira koronabirusaren aurrean dauden hainbat arazori soluzio berritzaileak emateko. Izan ere, era horretan, konponbide ezberdinak topatzeko helburua ezarri dute zenbait mailetan.
Hackatona apirilaren azkenengo astean burutu zen eta koronabirusaren erronka desberdinen soluzioak Europar Batasuneko merkatuan “azkar garatu eta hedatzea” izan da helburua. Bertan, arlo ezberdinetan parte hartzen duten erronkak planteatu direla ezagutzera eman dute bertan parte hartu dutenek: osasuna eta koronabirusaren iraupena, negozioen jarraikortasuna, urrutiko lana eta hezkuntza, kohesio sozial eta politikoa edota finantza digitala. Gai konkretuak jarri dira mahai gainean: osasun ekipamenduak azkar ekoiztea, ekoizpen ahalmena handitzea eta ezagutza eta konponbideen transferentzia herrialdeen artean, besteak beste.
Mondragon Team Academy-k “urruneko lana eta hezkuntza” gaiaren inguruko erronka zuzendu eta koordinatu du. Aldi berean, MTAko komunitateko kideak arazo bideratzaile edo konpontzaile gisa aritu dira parte hartzen.
Europako hackaton hau krisiari aurre egiteko elkarlanaren adibidetzat hartu daiteke. Konponbide berritzaileak aurkitzeko xedea duen topaketan, Europar Batasuneko 27 estatu kideetako ordezkariekin batera Norvegia, Israel, Suitza, Turkia, Ukraina eta Erresuma Batuetakoak aritu dira.