Mondragon Unibertsitateak irailaren 19an hasiera emango dio denboraldiari Euskal Kopan

0
314

Mondragon Unibertsitatea entrenamenduetara itzuli da oporren ostean, Iñaki Ogara ‘Arri’ entrenatzailearen eskutik. Talde arrasatearraren entrenatzaileak jakinarazi digunez Espainiako Saskibaloi Federazioak liga txapelketari, aurreko urteetan bezala,  urriaren lehenengo astean hasiera emango dio.

Aurretik, denboraldiari hasiera emateko Mondragon Unibertsitateak Euskal Kopa jokatuko du aurten ere, azken bi edizioetan irabazi ondoren. Euskal Kopa irailaren 19tik urriaren 10era jokatuko da eta finala jokatuko den lekua heltzen diren taldeen arabera erabakiko da.

– Irailak 19: Santurtzi – Mondragon Unibertsitatea
– Irailak 26: Zarautz – Mondragon Unibertsitatea
– Urriak 3: Mondragon Unibertsitatea – Goierri
– Urriak 10: final Four.

Liga txapelketari dagokionez, ere berritasunak egongo dira. Espainiako Saskibaloi Federazioak EBA liga osatzen duten taldeak berrantolatu ditu, eta aldaketa horiek A-A taldeari ere eragin diote. Talde hau iparraldeko taldeek osatuko dute: Euskal taldeak, bi nafar, errioxar bat eta kantabriar bat.

‘Arri ‘ren ustez, “Beste urte batzuetan bezala, menderatu beharreko taldeak Easo, Baskonia eta Santurtzi dira. Easok iazko blokeari eutsi dio, Baskoniak beka jaso duten jokalariak ditu, eta Santurtziren kasuan, asko indartu da aurten zilarrezko LEB mailara igotzeko. Hala ere, liga oso parekatua aurreikusten da. Uste dut etxeko garaipen asko egongo direla, baina etxetik kanpo zaila izango da guztiontzat irabaztea. “

Mondragon Unibertsitatearen kasuan ez da aldaketa handirik izango. Hasiera batean, hiru jokalarik alde egingo dute,  Mikel Arejolaleiba eta Imanol Ceciagaren kanpora bizitzera joan dira, eta Zach Kirschbaumenak, Covid-19k eragindako osasun egoera dela eta, ez da Arrasatera etorriko.

Harrobiko jokalariekin osatuko da taldea “jokalari gazteen aldeko apustua egiteko unea da, taldean lekua egiteko gogoz datoz. ” Txomin Ayastuik eta Enaitz Errastik debuta egingo dute taldearekin aurten, eta zaleek dagoeneko ezagutzen dituzten bi jokalari izango dira ere: Oier Badiola eta Alex Lorenzo.

‘Arri ‘k Covid-19ak sortutako egoerara egokitzeak dakartzan zailtasunez ere hitz egin digu. “Ez da erraza izaten ari. Protokoloa higiene- eta segurtasun-neurri guztiekin betetzen saiatzen gara. Arraroa da, dena oso hotza da, jokalarien arteko harreman faltagatik taldea egitea eragozten ari delako. Kantxara iritsi, entrenatu eta bagoaz. ” Oraingoz, ez dakite denboraldi aurreko partidak jokatu ahal izango dituzten, ez baitute Federazioaren gidalerrorik jaso.

Zaleak aurten taldea animatzera joateko aukerari dagokionez, ‘Arri’ k esan digu udal bakoitzaren esku dagoela kirol instalazioen edukiera arautzea. “Itxura guztien arabera, publikoarekin jokatu ahal izango da, edukiera mugatuarekin. Klub bakoitzak bere udalerriko ordenantzak agintzen bete beharko du. Oraingoz dena ematen ari gara kantxetara segurtasun osoz itzul gaitezen, eta saskibaloian entrenatu eta jokatu ahal izateko, hori baita gustatzen zaiguna. “

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen