Mondragon Unibertsitateak ikasturtea ofizialki hasi du “bikaintasuna ardatz”

0
2838

Argazkia eta beheko testua: MU.

Mondragon Unibertsitateak gaur egin du 2026-2027 ikasturtearen hasierako ekitaldi ofiziala GOe – Gastronomy Open Ecosystem eraikin berrian. Basque Culinary Centerren Donostiako gune horretan, gastronomia, talentua, ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetza uztartzen dira.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek eman dio hasiera ofiziala ikasturteari, eta hauek ere ekitaldian izan dira: Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa; Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacoba, eta Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Zientzien Fakultateko doktore Cipriano Carrero eta irakasle Eneko Izcue. Horiek eman dute irekitze-hitzaldia, «Fermentar o ser fermentado: microorganismos y enzimas en la cocina» (Hartzitzea edo hartzitua izatea: mikroorganismoak eta entzimak sukaldean) izenburupean.

Horiez gain, bertan izan dira Mondragon Unibertsitateko lehendakari Xabier Egibar, MONDRAGON korporazioko presidente Pello Rodriguez, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Arrasateko eta Aretxabaletako alkate Maider Morras eta Garikoitz Iturbe (hurrenez hurren), Mondragon Unibertsitateko dekanoak eta errektore ohiak, eta politikaren nahiz irakaskuntzaren arloko beste agintari batzuk.

Bikaintasuna eta transferentzia

Mondragon Unibertsitateak bikaintasuna lortzeko helburuari heldu dio ikasturtearen hasieran; beraz, bikaintasuna da erakunde akademikoaren 2026-2027 ikasturteko ardatza. Eredu hori jorratu du azken urteotan, irakaskuntzan eta ikaskuntzan, ikerketan, nazioartekotzean eta gidatzen ari den berrikuntza-proiektuetan.

Horrenbestez, bere prestakuntza-ereduari esker, ikasleen ikaskuntza-esperientzia indartzen jarraitzen du Unibertsitateak, haiek etorkizun profesionalerako eta lan-merkatuaren beharrei erantzuteko prestatzean oinarrituta. Lanbidek 2022an egresatutako ikasleei egindako azken txostenaren arabera, % 92koa da tituludunen laneratze-tasa.

Ikerketaren eta transferentziaren arloko bikaintasuna da Mondragon Unibertsitatearen beste erronketako bat, eta urteak daramatza hori lantzen. Azken lau urteotan, argitalpen zientifikoen kopuruak % 27 egin du gora, eta, gainera, bikaintasunaren arloko 11 ikerketa-talde ditu Euskadin. Denbora horretan, enpresentzako transferentzia % 45 handitu da, eta, iaz, 22,2 milioi eurora iritsi zen.

Aurreko ikasturtean aurkeztutako 2025-2028 aldirako Plan Estrategikoa lantzen jarraitzen du Unibertsitateak, eta, orain arte, emaitza onak ari da lortzen. Premisa horren pean, Unibertsitatea lantzen ari den hiru erronka estrategiko aipatu ditu Mondragon Unibertsitateko errektoreak: ikasleak ardatz hartzea; kalitatezko ikaskuntzako esperientzia eskaintzea; ikerketa eta transferentzia sustatzea, enpresen lehiakortasuna hobetzeko, eta Unibertsitatearen tokiko eta nazioarteko posizionamendua sendotzea.

Mundu-mailako proiektu aitzindaria

Bada beste ardatz bat Mondragon Unibertsitatearen estrategian: erreferentziazko ikastetxe gisa posizionatzea, berrikuntza-proiektu abangoardistak gidatzearen bidez. Ildo horretan, Unibertsitatea gaur egun jorratzen ari den proiektuak nabarmendu ditu errektoreak; esate baterako, EDA Drinks & Wine Campusaren —ardoari eta edariei buruzko munduko lehen campusa— Gasteizko eta Guardiako egoitzak, eta Bilbao Bizkaia Digital Faktory, teknologia digitalen arloko proiektua.

Izan ere, Basque Culinary Centerren EDA Drinks & Wine Campusa Mondragon Unibertsitateak Araban egindako lehen urratsa da, eta, 2027-2028 ikasturtean, Ardoaren eta Edarien Unibertsitate Gradua eskainiko du —munduko lehena esparru horretan—, sektoreari lotutako unibertsitate-masterrez gain. «Proiektu horrekin, Mondragon Unibertsitateak zuzeneko eragin handiagoa izango du Euskadin, eta, lehen aldiz, Araban eskainiko ditu bere unibertsitate-gradu eta -masterrak. Eta are garrantzitsuagoa dena: Euskadi eraldatzeko proiektu berria jarriko dugu martxan», azpimarratu du errektoreak bere hitzaldian.

Bilbao Bizkaia Digital Faktory ekimenak Zorrotzaurren izango du egoitza, eta talentua eta balio erantsi handiko enpresak erakartzeko gunea osatuko du, euskal industriaren lehiakortasuna indartzeko.

Proiektu berri horiez gain, azken bi urteotan amaitutakoak ere badaude: HIREKIN, industria-ekintzailetza sustatzeko; Bartzelonako ekintzailetza-laborategiak; IDEIENEA ikus-entzunezko proiektua, eta GOe zentroa bera. Mundu osoko profesionalei zuzendutako unibertsitate-masterrak eta prestakuntza aurreratuko programak eskainiko dira hartan; hau da, handitu egingo da Basque Culinary Centerrek arlo akademikoan eta nazioartean duen garrantzia.

Halaber, adimen artifizialaren gaia azpimarratu nahi izan du errektoreak hitzaldian. Haren ustez, paradigma-aldaketa bat ekarriko du irakaskuntza eta hezkuntza ulertzeko moduan.

Horrez gain, Euskadin Unibertsitatearen erronkak sendotzeko eta berrikusteko bultzatzen ari diren bi gakoak aipatu ditu errektoreak: Euskal Unibertsitate Sistemaren Legearen aurreproiektua eta 2027-2030 aldirako Unibertsitate Plana.

Ikasle- eta titulazio-kopurua handitzea

Aurten, 7.394 ikasle matrikulatu dira Mondragon Unibertsitateko graduko titulazio ofizialetan, masterretan eta doktorego-programetan, eta, horiez gain, 10.000tik gora profesionalek etengabeko prestakuntzako programetan hartuko dute parte. Datu horiek bat datoz Unibertsitatearen 2025-2028 Plan Estrategikoaren helburuekin: 2028rako 8.200 ikasle izatea, prestakuntza eguneratzeko programetan parte hartzen duten profesionalen kopurua bikoiztea, ikerketa- eta transferentzia-jarduera % 40 handitzea eta Unibertsitateak nazioartean duen posizionamendua indartzea.

Orobat, Unibertsitateak bost titulu ofizial gehiago eskainiko ditu: gradu bat, gradu bikoitz bat eta hiru master. Hona hemen titulu berriak: Pedagogiako Gradua, Ikus-entzunezko Komunikazioko eta Multimedia Diseinu Grafikoko Nazioarteko Gradu Bikoitza, Finantza Kuantitatiboetako Masterra, Fabrikazio Digital eta Jasangarriaren Ingeniaritzako Europako Unibertsitate Masterra (prestakuntza dualekoa) eta Enpresa Eraldaketarako Proiektuen Zuzendaritzako Unibertsitate Masterra. Titulu ofizialak dira denak. Guztira, 21 gradu eta 25 master eskainiko ditu Unibertsitateak, lau doktorego-programez gain.

Nazioartekotzea eta prestakuntza duala

Nabarmentzekoa da Europan unibertsitateko prestakuntza duala sustatzeko nazioarteko EU4Dual proiektua, Mondragon Unibertsitateak hura gidatzen jarraituko baitu beste bi urtez. Ekimenak sortu zenetik du buru Mondragon Unibertsitatea, prestakuntza dualean duen lidergoari esker. Europako zortzi unibertsitaterekin batera sortutako nazioarteko lehen unibertsitate duala aliantza bat da, Europako Batzordearen babesa duena, eta Europako prestakuntza duala bultzatzen du, nahiz eta jada hartu dituen AEBko eta Kanadako erakundeak ere.

Mondragon Unibertsitatea Espainiako eta Europako prestakuntza dualaren buruan dago, eta inoizko ikasle-kopururik handiena lortu du 1966az geroztik eskaintzen duen prestakuntza-eredu horretan. Bestalde, liderra da enpresan esperientziaren bat bizitzen duen ikasle-kopuruari dagokionez, haren graduko ikasleen erdiak izaten baitu, urtero, halako esperientziaren bat.

«2025-2026 ikasturtean, 1.834 ikaslek egin dituzte ikasketa-amaierako proiektuak eta 4.275ek praktikak, enpresetan eta beste zentro batzuetan», adierazi du Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusiak. Gainera, Mondragon Unibertsitateak hainbat ekimen sendotzen jarraituko du, hala nola Mondragon México Unibertsitatea, inpaktu sozioekonomikoa sortzeko, Mexikon kokatutako euskal enpresei laguntzeko eta Latinoamerikako talentua Euskadira erakartzeko.

Nazioartekotzearen aldeko apustu hori islatzen da ikasleen mugikortasunean ere. Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko graduko ikasleen % 72k izan du nazioarteko esperientziaren bat graduatu aurretik.

2025-2026 ikasturteko memoria

Bestalde, Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacobak 2025-2026 ikasturteko txosten akademikoa aurkeztu du. Mondragon Unibertsitateak graduko 19 titulu, 23 master ofizial eta 4 doktorego-programa eman zituela nabarmendu du.

2016 ikasle joan ziren beste herrialde batzuetara, eta 832k Mondragon Unibertsitateak Euskadin dituen fakultateetako batean ikastea erabaki zuten. MEI – Mondragon Educación Internacional proiektuaren esparruan, Mondragon Unibertsitateak bi titulu bikoitz garatu ditu Mondragon México Unibertsitatearekin batera. Halaber, Latinoamerikako 43 ikasle Mondragon Unibertsitatera etorri dira prestakuntzaren zati bat egitera.

Gainera, idazkari nagusiak azpimarratu duenez, lan-sarearekiko harremanak lehentasuna du, oraindik ere, Mondragon Unibertsitatearentzat. Datu hauek dira horren froga: 1.834 ikaslek egin dute gradu-amaierako proiektua eta beste 4.275ek praktikak, enpresetan eta beste zentro batzuetan.

Errektore berria

Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak bere hitzaldian —esker onen artean— jakitera eman duenez, abenduan amaituko du Unibertsitateko ibilbidea; hau da, erakundean duen kargua utziko du.

«Azken 12 urte hauetan, Mondragon Unibertsitateko errektorea izateko pribilegioa izan dut, eta ikasturtea abiatzeko ekitaldi hau izango da nire azkena errektore moduan. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkizuet, administrazioetatik, unibertsitateetatik, enpresetatik eta gizarte-erakundeetatik Unibertsitateari eskaini dizkiozuen hurbiltasunagatik, laguntzagatik eta aintzatespenagatik. Pertsona eskuzabal eta konprometituekin lan egiteko zortea izan dut. Eskerrak eman nahi dizkizuet, bereziki, langileoi eta zuzendaritza-kontseiluetako eta kontseilu errektoreetako kideoi, urte hauetan gauzatu ditugun proiektuak babestu, bultzatu eta ahalbidetzeagatik».

mondragon.edu

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen