Mondragon Unibertsitateak ikasketa joerei buruz ikerketa egin du

0
445

Beheko testua eta bideoa: Mondragon Unibertsitatea

Arrasate, 2023ko urriaren 23a. Donostialdeak 11 udalerri ditu, eta biztanle gehien dituen Gipuzkoako eskualdeetako bat da. Gutxi-asko, 1.530 industria-enpresa daude Donostialdean, era guztietakoak gainera: energia-arlokoak, metalurgikoak, fabrikaziokoak eta abar.

Produkzio-testuinguru ekonomikoa nabarmen aldatu da azken urteotan. Eraldaketa teknologikoarekin lotutako aukera berriak ari dira sortzen, ezagutza teknikoak eta gaitasun berriak eskatzen dituztenak. Hau da: enpresek eta erakundeek gero eta gehiago eskatzen dituzte ZTIM lanbideak, eta profil zientifiko eta teknologiko berriak. Gazteek funtsezko eginkizuna dute paradigma berri horretan, haiek izango baitira etorkizuneko profesionalak. Baina, gogoko ote dituzte ZTIM lanbideak? Nola deskribatzen dituzte zientziaren eta teknologiaren alorreko profesionalak? Zer irakasgai interesatzen zaizkie gazteei gaur egun? Galdera horiei eta beste batzuei erantzuten die Mondragon Unibertsitateak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta Elhuyarrekin elkarlanean egin duen ikerketak, «Donostialdeko gazteen pertzepzioa ZTIM arloetako gaien eta lanbideen inguruan» izenekoak. Helburu hau du: 14 eta 16 urte arteko ikasleek ZTIM lanbideen —zientziari eta teknologiari lotutakoen— inguruan duten pertzepzioa ezagutzea. Izan ere, lanbide horiek etengabeko hazkundea dute, eta horietan oinarrituko da lurraldeko industria-enpleguaren etorkizuna.

Ondorio nagusiak

«Donostialdeko gazteen pertzepzioa ZTIM arloetako gaien eta lanbideen inguruan» ikerketak eskualdeko 658 gazteren iritziak jasotzen ditu. Parte-hartzaileen % 49,4 emakumezkoak dira, eta % 47,5, gizonezkoak. Ikerketan hamar bat ikastetxek hartu dute parte, Donostia, Lasarte Oria, Urnieta, Hernani, Andoain, Pasaia, Errenteria, Andoain eta beste udalerri batzuetakoek.  

18 galderaz osatutako inkesta baten bidez, ondorio garrantzitsu hau atera du ikerketak: nesken % 25ek (81ek) eta mutilen % 39k (122k) soilik dituzte gogoko zientziari eta teknologiari lotutako gaiak. Esan beharra dago antzeko ikerketa bat egin zela duela hilabete batzuk Goierri eta Debagoiena eskualdeetan, eta bietan ere handiagoa izan zela lanbide horiekiko interesa. Zehazki, Goierriko nesken % 29k eta mutilen % 59k adierazi zuten gogoko zituztela ZTIM lanbideak, eta Arrasate inguruan, nesken % 39k eta mutilen % 54k.

Horrez gain, Donostialdeko ikerketak agerian jarri du zein diren eskualdeko gazteen interesak eta kezkak, gehien gustatzen zaizkien irakasgaiak, gogokoen dituzten lanbideak eta ZTIM lanbide batean jarduteko duten interesa. Ikerketaren arabera, neskei gizarte-gaiak, osasuna, irudi pertsonala eta moda interesatzen zaizkie gehien; mutilei, berriz, kirola eta sare sozialetako influencerrak, baita gizarte-gaiak ere. Neskei gehien gustatzen zaizkien irakasgaiak biologia, matematika, hizkuntzak eta literatura dira; mutilei, berriz, informatika, matematika eta historia.

Azkenik, beste gai hau nabarmentzen da ikerketaren ondorioetan: nola ikusten duten neska-mutilek genero-berdintasuna zientziaren eta teknologiaren sektorean. Ildo horretan, lan-baldintzetan desberdinkeriak daudela uste dute inkestari erantzun dioten nesken % 40k eta mutilen % 17k.

Horrelako ikerketa bat bultzatu eta eskualdeko ikastetxeekin elkarlanean ekintza-plan bat martxan jarri izanak agerian jartzen du Mondragon Unibertsitateak duen konpromisoa ZTIM lanbideak gazteengana hurbiltzeko. Zentzu horretan, unibertsitateak ikastetxeetara bideratutako askotariko jarduerak antolatu ditu, hala nola teknologia-lantegiak unibertsitateko laborategietan, enpresetarako bisitak, emakumezko ikertzaileen hitzaldiak ikasgeletan, lehiaketak eta abar. Proiektu horren barruan, garrantzi berezia dute emakumeek zientzian eta teknologian duten eginkizuna ezagutarazteko jarduerek, horien bidez erreferenteak sortzen baitira, eta neskatilak ahalduntzen, emakume horien urratsei jarraitzeko.

Donostiako ikastetxeei zuzendutako jarduerak Galarreta EKO campusean garatu eta koordinatzen dira (Orona Ideo, Galarretako Teknologia Parkean).

Hemen ikus daiteke jarduera-zerrenda osoa: https://ztimhub.mondragon.edu/eu/ikastetxeak.

Ikerketaren ondorioak jasotzen dituen laburpen-bideoa, berriz, hemen: https://www.youtube.com/watch?v=usWRE3DCLA0&feature=youtu.be.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen