Aurrez aurre San Ignacio talde gogorra izan du, beste multzoko ligako txapelduna. Azken emaitza 80 eta 89koa izan da. Datorren jardunaldian Mungiaren aurka.
Mondragon Unibertsitatea liga erregularreko txapelduna izan da bere multzoan, eta igoera faseari ekin berri dio:
Gaur arratsaldean beste multzoko txapeldunarekin neurtu ditu indarrak, San Ignacioren aurka, Iturripe kiroldegian.

Partiduari ekiteko ‘Arri’k ondorengo bostekoa kantxaratu du: Naia Badiola Iriarte, Izar Bedia Delgado, Oihane Sarasti Garikano, Naroa Zabala Gabilondo eta Naroa Garai Markuleta.
Lehen laurdenean gure taldeak arerioari eutsi ahal izan dio, eta gauzak pareko amaitu dira arauzko denboran: 20 eta 21.

Bigarren laurdenean, baina, iruindarrek hobeto jokatu dute taulapean nahiz kanpoaldean, eta atsedenera errenta nabarmen batekin iritsi dira: 35 eta 46.
Hirugarren laurdenean ere Ointxeren taldea ahalegindu da baina San Ignaciok, esperientzia handiagoa baliatuta, errentari eutsi egin dio: 55 eta 68.

Denan den, Arrasateko taldeak ez du amore eman eta azken segunduetara arte borrokatu du. Alabaina, gaur ezin izan da garaipena lortu: 80 eta 89.
Iñaki Ogara ‘Arri’ entrenatzaileak, partiduaren ostean, kirol-legez San Ignacio zoriondu du: “Zorionak beste taldeari, kriston partidua jokatu baitu. Gu saiatu gara gure saskibaloiarekin erritmoa markatzen, baina nire ustez beste taldeak erasoan eta defentsan irabazi gaitu”.

Era berean, azpimarratu du “euren jokalari garrantzitsuenak, antolatzaileak, batez ere une gogorretan erantzukizuna hartu du, eta saskiratze ikaragarriak lortu ditu. Horren aurka ezin da askorik egin”.
“Gu baino hobeak baldin badira, zoriontzea tokatzen zaigu eta lanean jarraitu behar dugu, ea bueltako partiduan, euren etxean partidua irabazten dugun”.

“Talde oso ona dauka, esperientziadunak, eta gure taldea oraindik oso gaztea da. Agian une zailetako gogortasunean ez dugu jokatzen jakin”.
Era berean, entrenatzaileak baloratu du Ointxeko “neskek egindako esfortzua ikaragarria izan dela. Lanean eta ikasten jarraitu behar dugu”.
Igoera faseko datozen partiduak ere “oso gogorrak izango dira, datorren partidua Mungian jokatuko dugu. Prestatu beharko gara, zehaztu beharko dugu zer egiten dugun ondo eta zer txarto, une zailetatik hobeto irteteko. Lana egiten ari garenez, konfiantzarekin joan behar gara Mungiako partidura”. Aupa Ointxe!




