Asteburu borobila izan zen azkena Mondragon Unibertsitatea taldearentzat, Goierriren aurka lortutako garaipenaz gain, Santutxuk galdu egin zuen eta, gauzak horrela, liga amaitzeko zazpi partiden faltan, lau garaipenetako aldea ateratzen dio bigarren sailkatua den Bilboko taldeari.
Igandean partida eder bat jokatu zuen Arriren taldetak Urretxuko Goierriren aurka, 83-76ko markagailuarekin garaipena eskuratuz. Urretxuarrek talde oso ona direla erakutsi zuten eta igoera ematen duten postuen borrokan egongo direla berretsi zuten. Partida oso orekatua izan zen lehen zati osoan –28-26 lehen laurdenean eta 13-15 bigarrenean–, atsedenaldira 41-41 berdinduta joateko.
Bigarren zatian hobe irten zen Arrasteko taldea, markagailuan 11 puntutako aldeak lortzeraino, nahiz eta Goierri gai izan zen ia azken txanparaino partidan sartuta egoteko. Hirugarren laurdena 24-28 itxi zen eta honekin Mondragon Unibertsitateak denboraldiko 17. garaipena eskuratu zuen, igoera gero eta gertuago dutelarik.
Une txarra Smartlogentzat
Txanponaren beste aldean dira, oraintxe bertan, Smartlog Ointxeko neskak, Leonen bosgarren partida galdu baitzuten jarraian eta jaitsiera postuak gero eta gertuago dituzte. Sentsazioak berreskuratu eta mamuak uxatzeko partida erabakigarria izango dute larunbatean Iturripen azken postuan den Tarragonaren aurka.




