Mondragon Unibertsitatea hasieratik nabarmendu da erasoan eta CEEB Tordera-CB Blanes talde kataluniarrak ezin izan du erritmoa jarraitu, 81-63 izan da azken emaitza.
Mondragon Unibertsitateko neskek neurria ondo hartu diote LF2 ligari. Jaitsiera postuak urrun eta sailkapeneko erdialdean sendo daudela adierazteko beste adibide bat izan da gaurkoa.

Sailkapenean azken aurreko postuan dagoen CEEB Tordera-CB Blanes Gironako taldearen bisita jaso dute Iturripen. Erritmo biziarekin hasi da partida, bi taldeek defentsa alde batera utzi dute eta hirukoak sartu dituzte bata bestearen atzetik. Markagailua izan da lehen laurdeneko puntu jarioaren islada, 23-19.
Bigarren laurdenean Mondragon Unibertsitateak azeleragailua zapaltzen jarraitu du eta puntu gehien saskiratu duten laurdena gauzatu dute. Blaneseko taldeak ordea, ezin izan dio erritmoari eutsi eta amaieran erabakigarria izan den zuloa zabaldu da, 50-29.

Aldageletatik bueltan etorri da etxekoeen momenturik eskasena. Erasoan trabatu egin dira eta kataluniarrak hurbildu egin dira markagailuan, 59-44.
Azken laurdenean ordea, lehen zatiko dinamikara bueltatu dira neskak eta estutasun gutxirekin eta ezin hobeto kudeatu dute markagailua 81-63 irabaziz. Gaurkoan talde lan ederra eta Naroa Zabala eta Odeth Betancoruten errendimendua azpimarratzekoa izan da. 20 eta 15 puntu saskiratu dituzte eta 27 eta 23ko balorazioa lortu dute urrenez urren.





















