Mondragon Unibertsitateak eta TeamLabs-ek ziklo bat antolatu dute, enpresa eta erakundeetan ikaskuntza-estrategiak ezartzen laguntzeko

0
333

Mondragon Unibertsitateak eta TeamLabs ikaskuntza-laborategiak ziklo bat antolatu dute, enpresa eta erakundeetan ikaskuntza-prozesuak ezartzen laguntzeko, prozesu horiek negozio-estrategiaren barruan garatzeko eta, beraz, ikaskuntza enpresaren area estrategikotzat hartzeko. Erakundeek gero eta beharrezkoagoa dute ikaskuntza kudeatzea; ondorioz, Chief Learning Officer edo ikaskuntza-arduradunaren profila gero eta preziatuagoa da enpresa eta erakundeetan, ikaskuntza- eta berrikuntza-prozesuak errazte aldera. AEBn, adibidez, enpresa gehienek aspalditik dute Chief Learning Officer bat, eta Espainian ere bereganatu dute enpresa handi batzuek, hala nola Telefónicak, Correosek eta Mapfrek.


Etengabe aldatzen ari diren inguruneetan bizi dira profesionalak, erronkak behin eta berriro sortzen zaizkie. Hori dela eta, denetarik ikasi behar dute edonoiz, eta ingurune eta erronka horietara egokitu. Hala, enpresek gero eta premiazkoagoa dute ikaskuntza errazteko arduradun bat, ziurgabetasunezko inguruneetan aldaketa-prozesuak, eraldaketa digitala, ikaskuntza eta berrikuntza zuzentzeko gai den profesional bat.


Beste bitarteko batzuen artean, hitzaldiak, informazio-saio bat eta web-mintegi bat hartzen ditu barne Mondragon Unibertsitateak eta TeamLabsek abian jarri duten zikloak. Helburua, berriz, honako hau da: prozesu horiek errazteko tresnak erakustea eta negozio-estrategiarekin koordinatuta garatzeko gakoak ematea. Mondragon Unibertsitateko Chief Learning Officer (CLO) – Erakundeetako Ikaskuntzaren Kudeaketan Espezializazio Diplomaren esparruan sortu da zikloa, hain zuzen ere, gero eta garrantzi handiagoa duen lanbide hori finkatzeko beharrari erantzutearren.


Zikloa

Ildo horretan, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta TeamLabsek ekitaldi hau antolatu dute urriaren 7rako: «Clo Breakfast Club: ikaskuntza estrategikoa erakundeetan». Topaketa horretan, ikaskuntza estrategikoa aztertuko dute, eta ikaskuntza-estrategiak erakundeentzat duen balioa. Hala, erakundeetan ikaskuntza-estrategia garatzeko 5 gakoak ezagutaraziko dituzte, bai eta ikaskuntza eta negozio-estrategia batera garatzeko modua ere. Horretarako, aditu hauek izango dira ekitaldian: Ernesto Barrios, Repsoleko Learning Officer Managerra; José Miguel Caras, Santander Taldeko Chief Learning Officerra, eta Félix Lozano, Teamlabseko CEOa. Horien gidaria Carmen Royo izango da, aholkularia eta Chief Learning Officerra (CLOa).


Bestalde, urriaren 20rako web-mintegi bat antolatu dute OKR Learning metodologiari buruz. Saio ireki horretan, ikaskuntza erakundeetan diseinatu, garatu eta ebaluatzeko tresna eta metodo berriak azalduko ditu Rubén Jerónimo adituak.


Azkenik, eta Chief Learning Officer (CLO) unibertsitate-diploman sakontzeko asmoz, programa horri buruzko onlineko informazio-saio bat antolatu dute urriaren 27rako. Beatriz Garciak, programaren koordinatzaileetako batek, diplomaren ezaugarriak azalduko ditu, eta agerian jarriko du enpresa eta askotariko erakundeetako lantaldeei ziurgabetasunean nabigatzen laguntzeko beharrezko gaitasun eta trebetasunak dituzten pertsonak prestatzeko beharra.

Chief Learning Officer: unibertsitate-diploma berritzailea

Chief Learning Officer (CLO) edo Erakundeetako Ikaskuntzaren Kudeaketako Espezializazio Diplomak hauxe du xede: erakundeetan ikaskuntza- eta berrikuntza-estrategiak ezartzeko behar diren tresna praktiko guztiak eskaintzea parte-hartzaileei. Azaroaren 15ean hasiko da programaren hirugarren edizioa. Mondragon Unibertsitateak eta TeamLabs ikaskuntza- laborategiak batera diseinatutako titulua da, eta matrikulatzeko epea irekita dago jada.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen