Mondragon Unibertsitateak eta Mondratek etxean jokatuko dute asteburuan [Kirol prebia]

0
438

Bitartean, Mugarri-Ingou, Arizmendi eta Mondra etxetik kanpo lehiatuko dira.

Eskubaloiak irekiko du jardunaldia. Mugarri-Ingouk Indupime Basauriren kantxa bisitatuko du larunbatean. Partidua eguerdiko 12:30ean jokatuko da Artunduaga kiroldegian. Basauriko taldeak arrasatearrek baino garaipen bakarra du, beraz, hasiera batean partidua oso parekatua izango da.

Larunbat arratsaldean berriz, Mondrak denboraldiko bigarren berbia jokatuko du Aretxabaletan. UDAren aurkako norgehiagoka arratsaldeko 16:30ean hasiko da Ibarra futbol-zelaian. Aurreko astean Mondrak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Bergararen aurka. Partidua UDAren YouTube kanalaren bidez jarraituko ahal izango dute zaleek.

Areto-futbolari dagokionez, Mondratek Musakola kiroldegian jokatuko du larunbat honetan lehenengo faseko azken partidua. Aurrean sailkapeneko bigarrena izango dute arrasatearrek, Jaixkiareto taldea. Partiduaren emaitzak sailkapenean ez du inolako aldaketarik eragingo, Mondratek 9 puntu ateratzen baitizkio bigarrenari. Zaleek Twitch kanalaren bidez jarraitu ahalko dute arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Igande goizean Arizmendik ligako azken bi partiduak jokatuko ditu. Atzeratuak izan diren bi partidak Nabarvoley eta Nabarmutilaken aurka jokatuko ditu Berriozarko kiroldegian, lehena goizeko 10:00etan eta bigarrena 12:00etan. Hurrengo asteetan Arizmendik Euskal Kopa jokatuko du.

Amaitzeko, Mondragon Unibertsitateak igande arratsaldean jokatuko du Tabirako Baque taldearen aurka Iturripe kiroldegian. Aurreko astean Megacalzados Ardoi taldearen aurka irabazi ondoren, Arrasateko taldea sailkapeneko lehen postuan irmoago dago. Partidua arratsaldeko 18:00etan jokatuko da, eta zaleek Twitch kanalaren bidez jarraitu ahalko dute.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen