Mondragon Unibertsitateak ekintzailetza teknologiko jasangarriko proiektuak bultzatzeko lehiaketaren epea ireki du

0
2413

Mondragon Unibertsitateak hasierako faseetan dauden eta oinarri jasangarria duten ekintzailetza teknologiko edo industrialeko proiektuak sustatzeko bere lehiaketaren beste edizio bat jarri du martxan. «Mondragon Unibertsitatea Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards» lehiaketak helburu hau du: Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ingeniaritzako ikasleek proiektu teknologikoetan parte hartu ahal izatea, ekimen horiek abiarazten laguntzeko.

Horretarako, lehiaketak 100.000 euro baino gehiago emango ditu bekatan, unibertsitateko ingeniaritzako ikasleak proiektuetan sartzeko, gutxienez hiru hilabetez eta gehienez bi urtez.

Proiektu teknologikoaren premien arabera, ingeniaritzako zer ikasle-profil sartu nahi duen aukeratu ahal izango du talde ekintzaileak: mekanikakoa, diseinukoa, antolaketakoa, elektronikakoa, informatikakoa, energiakoa, prozesu industrialetakoa, biomedikuntzakoa, mekatronikakoa, robotikakoa eta zibersegurtasunekoa, besteak beste.

Bekak kopuru desberdinetakoak izan daitezke, eta hainbat modalitatetakoak; gradu-amaierako lanak, master-amaierako lanak edo lanbide-heziketa dualekoak izan daitezke, baina den-denak beken bidez gauzatuko dira, proiektu ekintzailean ZTIM talentua sartzeko.
Bekarekin batera, talde sarituek Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikerketa-taldeen laguntza teknologikoa jasoko dute, baita ekintzailetzari buruzko banakako laguntza, enpresari buruzko talde-prestakuntza, beste finantzaketa- eta laguntza-iturri batzuk eskuratzeko laguntza, proiektua martxan jartzeko bulego-gune bat, eta babes industrial eta intelektualari buruzko aholkularitza ere.
Lehiaketara aurkezten diren ideiek originalak izan beharko dute; dena den, aukera egongo da aurreko edizioetan aurkeztutako proiektuak aurkezteko, baldin eta saririk lortu ez badute.

Fagor, Orbea eta Mondragon korporazioa dira lehiaketaren sustatzaile nagusiak, eta haiei esker lortu ahal izan dira lehiaketan banatuko diren sarietarako 100.000 euroak. Laboral Kutxako Gaztenpresa, Saiolan, Garaia eta Galbaian ere elkarlanean ari dira lehiaketan. Horiek guztiak inplikatuta daude lurraldean talentu teknologikoa, enpleguaren sorrera eta aberastasuna sustatzen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen