Mondragon Unibertsitateak Easoren aurka galdu egin du Euskal Kopako lehen partidua

0
285

Hurrengo asteburuan Ointxeko hainbat taldek liga partiduak hasiko dituzte.

Testua: Ointxe!.Argazkia: Euskal Saskibaloi Federazioa.

Mondragon Unibertsitateak asteburu honetan jokatu du EBA Ligako Euskal Kopako lehen jardunaldia. Ez da hasiera ona izan Arrasateko taldearentzat, luzapenean porrota jaso baitzuen Donostian, GBC Easo 77 – Mondragon Unibertsitatea 69.

Euskal Koparen edizio honek 3 taldeko 2 multzo ditu, eta talde arrasatearrak GBC Easo eta Tabirakoren aurka jokatuko du. Lehen bi sailkatuek urriaren 1eko eta 2ko asteburuan jokatuko dute Lauko Finala.

Larunbatean izan zen Mondragon Unibertsitatearen estreinaldia Donostian, eta lehen laurdenaren amaieran 9-22koarekin hasiera ona izan ondoren, donostiarrak pixkanaka aldeak murrizten joan ziren. Atsedenaldian 26-32 zen markagailua, eta hirugarren laurdenaren amaieran, 51-53.

Azken laurdena oso parekatua izan zen, eta Mondragon Unibertsitateak markagailua desorekatzeko azken jabetza izan zuen arren, 66nako berdinketarekin bukatu zen partida. Luzapeneko 5 minutuetan, donostiarrek fisikoki puntu hobea zutela erakutsi zuten, eta 11-3 irabazi zuten.

Asteburu honetan GBC Easok Tabirakoren aurka jokatuko du, eta irailaren 25ean, Mondragon Unibertsitateak Durangoko taldea hartuko du Iturripen.

Aurreko denboraldiari dagokionez, Ekaitz Madinabeitiak, Alex Ramonek, Martxel Balanzategik, Alex Lorenzok, Martin Buesak, Imanol Oruek, Aitzol Lagunillak, Andoni Atxak eta Txomin Ayastuyk jarraitzen dute taldean. Taldea utzi dute Dani Lorenzok eta Enaitz Errastik, eta Joseba Estalayo bizkaitarra sartu da. Taldea zuzentzen Julen Berrocal Durangoko entrenatzailea arituko da, eta bere laguntzailea Jota Eworo gasteiztarra izango da.

Asteburuko jardunaldia (irailak 17 eta 18):

Hurrengo asteburuan Ointxeko hainbat taldek liga partiduak hasiko dituzte:

Irailak 17, larunbata:

  • Antoña 16:15 SENIOR A
  • Antoña 18:00 SENIOR B
  • Iturripe 10:00 KADETE MUTILAK EUSKAL LIGA
  • Iturripe 12:00 KADETE NESKAK ERRENDIMENDUA B

Irailak 18, igandea:

  • Musakola 12:00 JUNIOR EUSKAL LIGA
  • Iturripe 16:00 NAZIONAL MUTILAK
  • Iturripe 18:00 NAZIONAL NESKAK


ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen