Mondragon Unibertsitateak bularreko minbiziaren lesioak hobeto bistaratzeko sistema bat patentatu du

0
486

Goi Eskola Politeknikoa elkarlanean aritu da Rioja Salud Fundazioko Medikuntza Nuklearreko Unitatearekin prototipo hori fabrikatzeko, eta Errioxako 150 pazientek erabili dute dagoeneko.

Testua: Mondragon Unibertsitatea.

Diziplina anitzeko ikerketa aplikatua da Mondragon Unibertsitatearen ezaugarrietako bat. MUk ikerketa praktikoaren alde egiten du, ondoren enpresei transferitzeko, eta lankidetza sustatzen du hainbat erakunderekin eta jakintza-eremu desberdinetan.

Horren adibide bat dugu Goi Eskola Politeknikoko ikertzaile eta irakasle baten eta Rioja Salud Fundazioko Medikuntza Nuklearreko Unitatearen arteko lankidetza. Elkarrekin, irtenbide bat diseinatu eta fabrikatu dute bularreko minbiziaren lesioak hobeto bistaratzeko. Irtenbide hori bularra estaltzen duen berunezko ezkutu kurbatua da, esfera-erdiaren formakoa, ohiko berunezko plaka lauaren ordezkoa. «Xurgatze Ezkutua» deitzen zaio eta, ohiko metodoarekin alderatuta, % 80tik gora murrizten du erradiazio barreiatua.  Horrela, bularreko minbizia duten emakumeen artean gongoil zelatarietako —eragindako lehen gongoilak— lesioak hobeto bistara daitezke, horiek hobeto kokatzen laguntzen baitu.

Gongoil zelatariaren teknika gaixotasunaren hasierako faseetan erabiltzen da, eta minbizia zein estadiotan dagoen zehazten du. Horretarako, erradiofarmako bat injektatzen da tumorearen eremuan, tumorea zein linfa-gongoiletara migratzen duen ikusteko, eta hor irradiatzen da. Horrela, ebakuntza kirurgikoan, hala badagokio, modu zehatzagoan erauz daiteke bularraren zatia, eta gainera, kontrastean erradiazio-dosi txikiagoa aplikatu behar da.

Urtebetez baino gehiagoz Errioxako 150 pazienteren diagnostikorako eta tratamendurako erabili ondoren, bi erakundeek «Xurgatze Ezkutua» patentatu dute. Horrek ezin hobeto islatzen du erakunde eta diziplina desberdinen artean elkarlanean jardun beharra. Mondragon Unibertsitatearen transferentzia-ereduari esker, kasu honetan, ingeniaritzak irtenbideak eman dizkio medikuntzari, eta, beraz, gizarteari.

 Ingeniaritzako irtenbide bat

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko irakasle eta ikertzaile Xabier Chamorrok jakin zuen, bere emaztearen bitartez (bertan lan egiten baitu), Rioja Salud Fundazioko Medikuntza Nuklearreko Unitatean bi doktore ikertzailek urtebete zeramatela irtenbide baten bila (arrakastarik gabe), berunezko plaka kurbatu baten bidez, bularreko minbiziko gongoiletako lesioak hobeto bistaratu nahian.

Xabier Chamorro haiekin harremanetan jarri zen, eta hor hasi zen bi espezialitateen arteko ezagutza-transferentzia. Chamorrok ikusi zuen Fundazioan bilatzen ari ziren irtenbidea erraza zela ingeniaritzaren ikuspuntutik. «Hasieran 3Dko plastikozko prototipo bat eman nien, geometria proba zezaten. Aldaketa batzuk egin ondoren, hondarrezko molde batzuk egin genituen, gero berunezko bi eredu  egin ahal izateko —materiala beraiek eman ziguten— . Horiek unibertsitatean galdatu, leundu eta margotu egin genituen, azalean erreakzio alergikorik ez eragiteko. Emaitzak goitik behera erantzun zion haiek bilatzen zutenari, eta, oso erabilgarria suertatu zenez, bi eredu horiek erabiltzen dituzte gaur egun. Hori izan zen bi sektoreen arteko transferentzia», adierazi du ikertzaileak.Hori duela ia bi urte gertatu zen, «baina patenterik ez genuenez, ezin genuen kontatu, sekretu industriala zen», ohartarazi du Chamorrok.

Bi doktore-ikertzaileek medikuntzako aldizkarietan argitaratu dute asmakuntza, Chamorro egilekide delarik. Urtebetez baino gehiagoz Errioxako pazienteen artean proba arrakastatsuak egin ondoren (150 pazienteren artean), orain, Patenteen eta Marken Bulegoak oniritzia eman dio unibertsitateko ikerlariaren laguntzarekin egindako ereduari, eta Mondragon Unibertsitateak patentearen titulartasunaren % 20 bereganatu du.  «Orain, mota honetako makinak fabrikatzen dituen enpresaren batek merkaturatu nahi duen ikusi behar dugu», azaldu du Chamorrok.

Proiektu honen emaitza gisa, Rioja Salud Fundazioak eta Mondragon Unibertsitateak harremanetan jarraitzen dute transferentzia-bide berriak aurkitzeko helburuarekin. Izan ere, Unibertsitateak Ingeniaritza Biomedikoan gradua, Teknologia Biomedikoetan masterra eta hainbat ikerketa-lerro ditu medikuntzaren arloko berrikuntza- eta ikerketa-proiektuak garatzeko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen