Partida ateak itxita jokatuko da, baina zuzenean ikusi ahal izango da twitcheko ointxetb katean.
Testua: Jose Mari Balzategi (Ointxe) / Argazkia: MB Artxiboa.
Partida urriaren 25ean jokatzekoa zen, baina bertan behera geratu zen, Zarautz taldean izandako COVID arazoengatik. Beraz, astearte honetan berreskuratuko da.
Zarauzko taldeak Egueseko nafarren aurka zuen beste partida atzeratu bat berreskuratu du igande honetan, eta garaipen garrantzitsua lortu du Nafarroako kantxan, 73-81.
Une honetan, 4 garaipen eta porrot bateko balantzea dute, eta zalantzarik gabe, denboraldi honetarako talde oso lehiakorra osatu dute, hainbat jokalari gehituz, horien artean Azpeitia, Eguesen aurka berak bakarrik 29 puntu saskiratu zituena.
Orain arte partidarik galdu ez duen arren, Mondragon Unibertsitateak ez du ondo egingo orain arteko garaiezin izaeraz fidatzen bada, zalantzarik gabe asteartean partida oso zaila izango baitu.
Gainera, Mondragon Unibertsitateak ez du zaleen babesik izango, Ointxeko zuzendaritzak partida ateak itxita jokatzea erabaki baitu.
Hala ere, aurreko partidan Ardoiren aurka egin zen bezala, zaleek partidaren irudiak twitch plataformaren ointxetb katean jarraitu ahal izango dute zuzenean.