Mondragon Unibertsitateak 18 titulu berri eskainiko ditu 8 jakintza-arlotan

0
486

Ondokoak dira titulu berriak: Industriari Aplikatutako Ingeniaritza Fisikoko Gradua, Energia Sistema Adimendunen Unibertsitate-masterra, Operazio Logistiko eta Produktiboen Zuzendaritzako Unibertsitate-masterra, Profesionalentzako Osasun Adimen Artifiziala eta Silver Economy Masterra, Negozio Inteligentziarako Datuen Analisia / Business Analytics Unibertsitate-masterra, Inpaktuzko Ekintzailetasuna eta Inbertsioa aditu-ikastaroa, Digital Humanities ibilbidea, Global Studies ibilbidea, Entzumena eta Hizkuntza aipamena, Psikomotrizitatea aipamena, Berrikuntza eta Kudeaketa Kooperatibismoan aditu-ikastaroa, Ikus-entzunezko Ekintzailetza eta Berrikuntzako aditu-titulua, Marketin eta Komunikazioko prestakuntza-aditua Lanbide Heziketarako, Gastronomiako Irakasle Prestakuntza Masterra, Food&Beverage Zuzendaritzako programa exekutiboa, eta Jatetxeen Kudeaketa Iraunkorra.

Beheko testua eta argazkia: Mondragon Unibertsitatea.

Mondragon Unibertsitateak areagotu egingo du eskaintza, eta 18 titulu berri eskainiko ditu 2022/2023 ikasturtean –gradu berri bat, bost master berri, sei aditu-ikastaro, espezializazio-ikastaro bat, programa exekutibo bat eta lau aipamen eta ibilbide berri–, unibertsitateak dituen zortzi jakintza-arloetan –ingeniaritza, enpresa-kudeaketa, ekintzailetza, hezkuntza, komunikazioa, humanitateak, kooperatibismoa eta gastronomia–. Helburu bakarrarekin zabalduko du eskaintza: gizartean gertatutako aldaketen ondorioz sorturiko beharrizanei erantzuteko eta premia horiekin bat datozen lanpostuak prestakuntza berrien bidez estaltzeko.

Eskaintza berri horri unibertsitateak ikasturte akademiko honetan eman duenari gaineratu behar zaio. Haien artetik, 18 gradu-titulu, 19 unibertsitate-master eta lau doktorego-programa nabarmentzen dira, baita zortzi jakintza-arlo horietako graduondokoak, berezko tituluak eta aditu-ikastaroak ere.

GOI ESKOLA POLITEKNIKOA

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak gradu berri batekin hasiko du 22/23 ikasturtea: Industriari Aplikatutako Ingeniaritza Fisikoa. Era berean, bi unibertsitate-master eta master profesional bat ere eskainiko ditu berritasun gisa, besteak beste.

Industriari Aplikatutako Ingeniaritza Fisikoko Graduan, ikasleek oinarri sendoa lortuko dute matematikan, fisika aurreratuan eta programazioan, eta jakintza hori ingeniaritzako hainbat arlotan aplikatu ahalko dute, hala nola robotikan, ikusmen artifizialean, makina elektrikoetan, adimen artifizialean edo konputazio kuantikoan. Prestakuntza zientifiko aplikatu horri esker, industriarako soluzioak garatzen eta modelizatzen parte hartu ahal izango dute, guztia ere ikuspegi multifisikoarekin, azken belaunaldiko tresna konputazionalen bidez lagunduta.

Energia Sistema Adimendunen Unibertsitate Masterra gaztelaniaz eta ingelesez emango da irailetik aurrera, Hernaniko Orona Ideo Campusean. Urte eta erdi iraungo du, eta formatu presentzialean izango da. Master horren helburua da trantsizio energetikoaren ondorioz sorturiko erronka berriei soluzioa topatzea, eta, horretarako, energia-sistemei buruzko ezagutzan sakonduko du: energia-komunitateak, mugikortasun elektrikoa, industria, eta parke eolikoak edo fotovoltaikoak. Ikasleek zerbitzu berritzaileen diseinua landuko dute, eta, ildo horretan, hainbat aplikaziotako ereduak, simulazioak eta datuen analisia baliatuko dituzte. Profil horrek aplikazio-ingeniari baten eta datu-analista baten gaitasunak konbinatzen ditu. Batez ere ingeniaritzako tituludunei dago zuzenduta.

Operazio Logistiko eta Produktiboen Zuzendaritzako Unibertsitate Masterra. Titulu berri hori Mondragon Unibertsitatearen Arrasateko Campusean emango da, urte eta erdi iraungo du, eta aurrez aurre izango da, gaztelaniaz eta ingelesez. Master aitzindaria da Euskadin, zuzendaritza logistiko eta produktibo jasangarrien eta bikainaren esparruan. Hornikuntza-kate bikainak, efizienteak eta balio erantsi handikoak garatzeko eta kudeatzeko gai diren profesionalak trebatzeko diseinatu da unibertsitate-master hori, bezeroen beharrak asetzeko gai izan daitezen. Testuinguru ekonomiko berrian enpresek aurrez aurre dituzten funtsezko erronkei erantzutera bideratuta dago: ekoizpen-baliabideen ahalik eta efizientzia handiena lortzea modu jasangarrian, eta erakunde eta enpresa industrialei eskatzen zaizkien informazio- eta komunikazio-teknologia berriak (IKT) txertatzea, pertsonak ardatz dituen fabrikazioa sustatuz.

Profesionalentzako Osasun Adimen Artifiziala eta Silver Economy Masterra datorren urritik uztailera bitartean eskainiko da Urduliz Dorrean. Datu-analista profila eskuratzeko interesa duten osasun-sektoreko profesionalei zuzendurik dago, eta, bereziki, datuen analisia jorratuko du, biztanleriaren zahartzearen ondorioz sortutako ekosistema teknologiko eta soziosanitarioarekin loturik.
Masterrak datu soziosanitarioak eskuratzearen, biltegiratzearen, prozesatzearen, aztertzearen eta kudeatzearen alorreko trebakuntza eskainiko du, eta, horretarako, adimen artifizialak eta Big Datak eskaintzen dituzten erremintak baliatuko dira, Silver Economy edo zilarrezko ekonomiaren alorreko jakintza areagotzeko eta erabaki hobeak hartzeko.
Horretaz gainera, Goi Eskola Politeknikoak profesionalei zuzendutako bi ikastaro aditu berri izango ditu: batetik, Metalen Fabrikazio Gehigarri Industriala eta, bestetik, Plastiko eta Konpositeen Fabrikazio Gehigarri Industriala.

ENPRESAGINTZA FAKULTATEA

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak bi berrikuntza ekarriko ditu unibertsitatearen hurrengo ikasturteko eskaintza akademikoan. Zehazki, unibertsitate-master berri bat eta aditu-ikastaro berri bat izango ditu, eta urrian hasiko dira ematen biak ere.

Alde batetik, Negozio Inteligentziarako Datuen Analisia / Business Analytics Unibertsitate Masterra. Datuaren ekonomiak, 4.0 industriak, antolaketa-prozesu guztien digitalizazioak, hodeiko konputazioak, datu mugikorren hedapenak eta softwarearen etengabeko hobekuntzak bultzatutako testuinguru batean, erabakiak datuen analisian oinarriturik hartzeko gaitasuna duten pertsonak prestatzeko premia nagusiari erantzun nahi zaio, guztia ere profesional horiek ikuspegia hobea izan dezaten aro digital berrian ageri diren enpresa-arazoak eta -kudeaketa hobeto ulertzeko.
Master horri esker, datuen analisi aurreratuaren esparruan espezializa daiteke, askotariko negozio-esparruei erantzunak emateko, prozesuak optimizatuz (salmentak, erosketak, logistika…), negozio-aukera berriak sortuz, eta abar.

Eta, bestetik, Inpaktuzko Ekintzailetasuna eta Inbertsioa aditu-ikastaroa ere emango du. Ikastaro hori gaur egun enpresa bat sortzen ari diren edo laster halako eginkizun batean parte hartzeko asmoa duten profesionalei zuzenduta dago. Alde batetik, beren proiektuetarako finantzaketa alternatiboko mekanismoen alorreko jakintza eskuratu nahi duten ekintzaileak edo enpresa-talde ekintzaileak. Eta, bestetik, inbertsioen alorreko beste proiektu eta profesional batzuk ezagutu nahi dituzten pertsonak, haiekin trukea eta konexioa sortzeko, eta, hala, beren ekimenerako neurrira egindako plan bat sortzeko. Ikastaroa Seed Capital eta BBK Fundazioaren laguntzarekin emango da, eta urrian hasiko da Bilbao Berrikuntza Faktorian.

Horretaz gainera, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza gradua (myGADE) irailetik aurrera ibilbide/modalitate dualean emango da hiru campusetako (Oñati, Irun eta Bilbo) lehen mailako ikasle guztientzat. Zehazki, enpresan bi edo lau urteko intentsitate dualarekin, ikasle guztiek, ikasketa akademiko/teknikoarekin ez ezik, enpresa-esperientzia handiarekin eta garapen pertsonalarekin ere amaituko dute myGADE gradua. Gaitasun teknikoez gainera, landuko dituzte etorkizuneko enpresetako profesionalei praktikaren alorrean eskatzen zaizkien beste ezaugarri pertsonal batzuk ere.

HUMANITATE ETA HEZKUNTZA ZIENTZIEN FAKULTATEA

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak gradu-aipamen berriak izango ditu, bai eta hezkuntza, humanitate eta kooperatibismo arloetako profesionalentzako programa berri bat ere.

Humanitate Digital Globalak (HDG) Graduak bi ibilbide jarriko ditu abian: Digital Humanities eta Global Studies. Lehenbiziko ibilbideak Chief Digital Officer eta halako esparruetan lan egiteko prestatuko ditu ikasleak. Ildo horretan, herritartasuna, gobernu digitala edo partaidetza-prozesuak sustatuko ditu, eta, neuromarketineko eta publizitate digitaleko enpresak ez ezik, produktu adimendunen diseinua ere landuko du. Bigarren ibilbidean, enpresa eta erakunde globaletan aholkulari, aditu, dinamizatzaile edo bitartekari izateko prestakuntza emango zaie ikasleei. Bereziki, lau esparrutan lan egin ahal izango dute: diplomazia politikoa, diplomazia ekonomikoa, lankidetza eta, laugarrenik, esparru linguistikoak, kulturalak eta multikulturalak.

Bestalde, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetan, bi aipamen berri eskainiko dira modalitate erdipresentzialean: Entzumena eta Hizkuntza eta Psikomotrizitatea. Bi aipamen horiek 2023ko urtarrilean hasiko dira ematen. Aipamenak curriculum-zabalkuntzak dira: kualifikazio handiagoa ematen dute eta oso balorazio positiboa jasotzen dute ikastetxeetan.

Profesionalei zuzendutako prestakuntza-eskaintzari dagokionez, Berrikuntza eta Kudeaketa Kooperatibismoan aditu-ikastaroaren lehen edizioa eskainiko da. 500 orduko ikastaro horrek urtebete iraungo du, eta batez ere kudeaketa ekonomikoan zein sozialean berrikuntza sustatu nahi duten kooperatibei eta gizarte-ekonomiako erakundeei zuzenduta egongo da.

Bestalde, komunikazioaren arloan, Ikus-entzunezko Ekintzailetza eta Berrikuntzako aditu-titulua eskainiko da. Ikastaroa online emango da, eta aurrez aurreko mintegiak izango dira, Lekarozen (Nafarroa). Programak 200 ordu iraungo du, eta haren helburua sektorea indartzea izango da, ikus-entzunezko enpresetako zuzendariak trebatuz. Era berean, enplegagarritasuna sustatuko du, prestakuntzak sektorea birdimentsionatzen eta gaur egun hutsik dauden profil tekniko eta/edo artistikoetako lanpostuak betetzen laguntzearen alde eginez. Programa Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren ekimena da eta Mondragon Unibertsitateak diseinatu du, ikus-entzunezkoen alorreko sektore publikoaren eta pribatuaren laguntzarekin.

Horretaz gainera, Brasilgo Paraíba estatuko Lanbide Heziketako irakasleentzako ConexãoMundo nazioarteko programan parte hartuko du. Ingurumenaren, jasangarritasunaren eta energien arloko Lanbide Heziketako prestakuntzan eta kooperatiba-hezkuntzan, beste ikastaro bat ere izango da lehendik dauden bi aditu-tituluez gainera: Marketin eta Komunikazioko prestakuntza-aditua Lanbide Heziketarako. Ikastaro horiek erdipresentzialak dira eta egonaldi bat aurreikusten dute Euskadin.

GASTRONOMIA ZIENTZIEN FAKULTATEA

Hauek dira Basque Culinary Center-Gastronomia Zientzien Fakultateak ikasturte berriari begira dituen berritasunak: lehenik, Gastronomiako Irakasle Prestakuntza Master berria, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin lankidetzan; bigarrenik, Food&Beverage Zuzendaritzako Programa Exekutibo berria; eta hirugarrenik, Jatetxeen Kudeaketa Iraunkorra espezializazio-ikastaroa.

Gastronomiako Irakasle Prestakuntza Masterra online emango da, eta aukeran izango du hiru astez aurrez aurre parte hartzea Basque Culinary Centerren. Haren helburua zera da, gastronomiako hezkuntza-proiektuen alorrean lan egiteko oinarri pedagogiko eta didaktiko sendoa izan nahi duten profesionalak prestatzea. Programa horren bidez, gastronomiaren arloko hezitzaile eta ikerlari profesional batek dituen erronkei erantzuteko gai diren irakasleak trebatuko dira.

Urrian hasiko da, era berean, Food&Beverage Zuzendaritzako programa exekutiboa. Ikastaro horretan, ikasleek ikuspegi estrategikoa eta pentsamendu kritikoa garatuko dituzte, eta zuzendaritza-gaitasun aurreratuak, ezagutza berriak eta kudeaketa-tresnak eskuratuko dituzte, F&B sektorera bideratutako erabaki estrategikoak hartzeko gai izan daitezen.

Horretaz gainera, Basque Culinary Centerrek online formatuko espezializazio-ikastaro bat ere eskainiko du azarotik aurrera: Jatetxeen Kudeaketa Iraunkorra. Programa horrek 100 ordu iraungo du, eta, haren bidez, jatetxe-establezimenduak jasangarritasunaren ikuspegitik errentagarriago eta eraginkorrago kudeatzeko tresnak ezagutuko dituzte.

Eskaintza horrekin guztiarekin batera emango dira, orobat, 18 gradu-tituluak eta 19 unibertsitate-masterrak (horietako 17 dualak), berezko masterrak eta graduondoko beste ikastaro batzuk, bai eta unibertsitateak ikasturte honetan eskaini dituen doktorego-programak ere.

BERRITASUNAK

Goi Eskola Politeknikoa (6)

  • Industriari Aplikatutako Ingeniaritza Fisikoko Gradua
  • Energia Sistema Adimendunak Unibertsitate Masterra
  • Operazio Logistiko eta Produktiboen Zuzendaritzako Unibertsitate Masterra
  • Profesionalentzako Osasun Adimen Artifiziala eta Silver Economy Masterra
  • Metalen Fabrikazio Gehigarri Industriala aditu-ikastaroa
  • Plastiko eta Konpositeen Fabrikazio Gehigarri Industriala aditu-ikastaroa

Enpresagintza (2)

  • Negozio Inteligentziarako Datuen Analisia / Business Analytics Unibertsitate Masterra
  • Inpaktuzko Ekintzailetasuna eta Inbertsioa aditu-ikastaroa

Humanitateak eta Hezkuntza Zientziak (7)

  • Humanitate Digital Globalak (HDG) Graduak bi ibilbide jarriko ditu abian: Digital Humanities eta Global Studies.
  • Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetan, bi aipamen berri eskainiko dira modalitate erdipresentzialean: Entzumena eta Hizkuntza, eta Psikomotrizitatea
  • Berrikuntza eta Kudeaketa Kooperatibismoan aditu-ikastaroa
  • Ikus-entzunezko ekintzailetza eta berrikuntzako aditu-ikastaroa
  • Marketin eta Komunikazioko prestakuntza-aditua Lanbide Heziketarako

Gastronomia Zientzien Fakultatea-Basque Culinary Center (3)

  • Gastronomiako Irakasle Prestakuntza Masterra, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin lankidetzan
  • Food&Beverage Zuzendaritzako programa exekutiboa
  • Jatetxeen kudeaketa jasangarriaren espezializazio-ikastaroa

Argibide gehiago: www.mondragon.edu

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen